Mikel Losada (Ermua, 1978) zorteko dago: orain bi aste Txarriboda thrillerra estreinatu zuen zinema aretoetan eta joan zen astean La gabiota antzezlana Bilboko Arriaga antzokian. Harrera ona izan dute biek ala biek. Eta gainera, Fausto, ciudadano ejemplar obraren emanaldi gehiago dituzte aurretik. Berarekin izan gara antzerkiaz, zinemaz, aktore jardunaz… hizketan.

Alvar Gordejuela eta Javier Rebolloren Txarriboda thrillerra apirilaren 10ean heldu zen zinema aretoetara. Bertan, Fran serieko hiltzailearen papera du Losadak, eta Itziar Atienza, Patxo Telleria, Aitziber Garmendia eta Alvar Gordejuelarekin batera, intrigaz eta ekintzaz beteriko lana aurkeztu dute. “Euskarazko thrillerra noiz helduko zain zeudela esan digute askok, bazela garaia halako lan bat egiteko. Pozik gaude emaitzarekin, gustuz egindako filma dela uste dugu, eta bi aste egin ditu jada zinemetan. Beste astebetez jarraitzea gustatuko litzaiguke”.

Horrez gain, Chejoven La gabiota klasikoa prestatu du Gustavo Tambascio zuzendariaren gidaritzapean. Gurutze Beitia, Lander Otaola, Ylenia Baglietto eta beste hamabi lagunekin batera, obraren bertsio “berezi eta bakarra” egin dute, eta iragan astean, apirilaren 16tik 19ra, aurkeztu zuten Arriagan. Oraingoz, ez dute beste emanaldirik, baina Losadak eszenatokira igotzen jarraituko du datozen hileetan, Lander Otaola eta Galder Perezekin batera idatzitako Fausto, ciudadano ejemplar obra euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzen jarraituko baitute. Musika eta antzerkia uztartzen dituen festa-osteko saio zoroa. Gonbidatuta zaude.