0007195

Ostegunean, apirilak 23, Maria Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Saileko irakaslearen eta Rob Stone Birminghameko Unibertsitateko Zinema Saileko katedradunaren liburu berria, Cine vasco: una historia política y cultural, aurkeztuko dute Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.

Euskal zinemagintzaren azterketa osoa eskaintzen duen Cine vasco: una historia política y cultural lanak Gerra Zibiletik gaur arteko euskal ikus-entzunezko ekoizpenak ditu aztergai. Nekazaritza inguruneko eta hirietako paisaiak, industrializazioaren eragina, auzi politikoak… lantzen ditu film labur zein luzeen bidez, eta euskal zinegile, industriako profesional eta erakundeetan sakontzen du, hala nola, Kimuak katalogoan edo Euskadiko Filmategian.

Maria Pilar Rodriguez eta Rob Stonek bibliografía ikertu, film nagusien azterketa sakona egin eta euskal zinemagintzaren historiako protagonistak elkarrizketatu dituzte Cine vasco: una historia política y cultural lana osatzeko.

Bada, ostegunean, apirilak 23, 19:30ean aurkeztuko dute liburua Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. Bertan izango dira Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zinegileak, eta Cristina Ortiz Wisconsineko Unibertsitateko katedraduna, besteak beste.