EiTB Euskal Irrati-Telebistak, IBAIA Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta EPE/APV Euskal Produktoreen Elkarteak 2013an sinatu zuten euskal ekoizpen independenteak bultzatzeko lankidetza hitzarmena 2015 urte amaierara arte luzatu dute gaur.
Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak, Joxe Portela IBAIAko presidenteak eta Carlos Juarez EPE/APVko zuzendariak agerraldia egin dute gaur goizean Bilbon, hiru entitateen arteko hitzarmena urte amaierara arte luzatuko dutela adierazteko. Akordioaren helburu nagusia euskal ekoizle independenteen jarduna bultzatzea da, eta horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesarekin, ekoizle burujabeek egindako ikus-entzunezkoen esplotazio eskubideak bereganatuko ditu EiTBk. Aurtengoan lau milioi eta erdi bideratuko ditu dokumental, animaziozko film, fikziozko film, film labur eta telesailen ekoizpenera.
Azken bi urteetan emaitza oso positiboak lortu dituzte lankidetza horri esker. Besteak beste, azpimarragarriak dira Loreak (Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga), 8 apellidos vascos (Emilio Martínez-Lázaro), A escondidas (Mikel Rueda), Lasa eta Zabala (Pablo Malo), El negociador (Borja Cobeaga) eta uneotan zinemetan den Txarriboda (Alvar Gordejuela eta Javier Rebollo) filmen arrakasta.
Hitzarmenaren oinarriak
Akordioaren bidez, Jatorrizko Finantziazioaren Ataria ezarriko dute. Hau da, finantziazio ikuspegitik zein ikuspegi artistikotik egingarrienak diren proiektuei aurrera ateratzen lagunduko diete atzerrira koproduktore bila joan daitezen. Horrez gain, euskal zinema eta telebista ekoizpen egonkorra lortzen ahaleginduko dira, eta euskal eragileen parte-hartzea bultzatuko dute. Baita, nazioarteko koprodukzioak eta euskararen normalizazioa ere.