Bihar, apirilak 17, hasi eta ekainaren 12ra bitarte, lau film eskainiko dituzte Urretxuko Zine Klub Butak 21 zineklubean, eta ez edonolakoak gainera: uneotan zinemetan ikusgai den Matthew Warchusen Pride, Oscar sarietan hainbat garaikur eskuratu zituen Whiplash (Damien Chazelle), Jian Zhan Ke zinegile txinatarraren Tian zhu ding eta Alejandro Jodorwsky txiletarraren La danza de la realidad.
Urretxuko zineklubak XXVII. zikloa abiatuko du bihar homosexualen eskubideen aldarrikapena eta meatzarien protestak batzen dituen Pride film dibertigarriarekin. 80ko hamarkadako Erresuma Batuan kokatuta dago, Margareth Thatcher lehen ministroaren agintaldian. NUM Meatzarien Sindikatu Nazionalak greba deialdia egin zuen gobernuak hainbat meatze isteko asmoa tarteko, eta Londresko gay eta lesbiana talde batek haiei laguntzea erabaki zuen, dirua bildu eta meatzarien familiekin bat eginez.
Matthew Warchusek gidatutako lanak umorea eta drama uztartzen ditu, eta Erresuma Batuko historia hurbileko gertakari bat ezagutzera ematen du. Iazko Urrezko Globoetan komedia edo musikal onenaren kategorian proposatu zuten, eta BAFTA sarietan idazle, zuzendari eta ekoizle britainiar berri onenaren kategorian saritu zituzten Stephen Beresford eta David Livingstonek.
Hilaren 24an, ostera, Oscar sarietan muntaia onenaren, soinu nahasketa onenaren eta bigarren gizonezko aktore onenaren sariak (J.K. Simmons) eskuratu zituen Whiplash (Damien Chazelle) eskainiko dute ordu berean (19:30ean). Maiatzaren 29an, aldiz, 2013an Canneseko zinemaldian gidoi onenaren garaikurra jaso zuen Jian Zhang Ke txinatarraren Tian zhu ding izango da ikusgai, eta zikloa itxiko du La danza de la realidad txiletarrak, ekainaren 12an.