Anaia Aitorrekin batera ekoitzitako Asier eta Biok langatik muntaia onenaren Colibrí saria jaso zuen Amaia Merino zinegile donostiarrak iragan larunbatean Ecuadorreko Ikus-entzunezko Ekoizleen Elkarte COPAEren eskutik.

Quitoko Sucre Antzoki Nazionalean banatu zituzten iragan larunbatean 2015eko Colibrí Sariak. 2013ko urtarriletik 2014ko irailera bitarte aurkeztutako lanak saritu zituen COPAE elkarteak hamasei kategoria ezberdinetan. Sari nagusia Isabel Menak jaso zuen, ekoizpen onenaren kategorian, A estas alturas de la vida lanagatik.

Irabazleen artean, baina, Amaia Merino zinegile euskalduna dago. Aitor Merino anaiarekin batera osatu zuen eta Donostia Zinemaldian Irizar Saria eskuratu zuen Asier eta Biok dokumentalean egindako muntaia-lanagatik saritu zuten bertan. Lanak Asierren ETAko kidearen eta Aitor Madrilen bizi den aktorearen (zuzendaria bera) arteko harremana du aztergai.