Zuzendariak: Javier Rebollo eta Alvar Gordejuela
Urtea: 2015
Iraupena: 93 min.
Generoa: Thrillerra
Txarriboda thriller bat da, euskal zinemagintzan gutxi landu izan den generoko filma. Eta ez hori bakarrik: euskal serieko hiltzaile bat du protagonista nagusitzat. Horrek ez du esan nahi, baina, euskaldunok thrillerrak ikustera ohituta ez gaudenik, are gutxiago, hiltzaileen azpijokoak pantailaratzen dituzten telesail eta filmak kontsumitzen ez ditugunik. Guztiz aurkakoa: telebistan zein zineman maiz ikusten ditugu era bortitzean hildako pertsonen gorpuak, azterketa forense bat zer den eta zein prozedura jarraitzen duen ondo baino hobeto ezagutzen dugu, eta hiltzailea topatzeko ahaleginetan, biltzen diren pista guztiak horma batean itsastearena guk geuk etxean egiten dugun zerbait dela uste izatera heldu gara. Horregatik, Txarriboda filmaren atzean dagoen lantaldeak erronka handi bati egin behar izan dio aurre: zerbait ezberdina eskaintzea.
Irakurleak ondotxo jakingo duen moduan, Fran da filmeko hiltzailea. Bego emaztearekin duen harremana zeharo hoztuta dago, eta honek banandu egin nahi duela esango dio. Franek, baina, harreman oso ona du Begoren aitarekin, eta bere beharra du hondoratzear den enpresa salbatzeko. Horregatik, emaztea akabatzea erabakiko du, eta inork ezer susma ez dezan, plan konplexu bat prestatuko du. Horraino, ezer berririk ez, ezta? Bada, bai! Ikuslea Franen ekintzen testigu zuzena izango da, eta hilketei buruzko telesailetan ez bezala, ez du hiltzailea nor den asmatu beharrik izango, Poliziak hura nola harrapatuko duen baizik.
Istorioa interesgarria da, eta ikuslearen arreta eta tentsioa mantentzea lortzen du. Arestian esan bezala, generoko telesail eta filmak ikusten ohituta gaudenontzat, ez da zerbait berrritzailea izatera heltzen. Baina ziurrenik, ez zen hori helburua. Aktoreen lana benetan azpimarratzekoa da. Mikel Losada eta Itziar Atienza (pantailan minutu gehien egiten dituzten bi lagunak), bikain aritu dira, eta ematzea erailtzera helduko den enpresariaren nortasuna, zein arrazoi indartsu bategatik hura harrapatu nahiko duen poliziarena ezin hobeto azaleratu dituzte; egiten dutenaz gain, sentitzen dutena ere antzeman daiteke. Patxo Telleriak, Aitziber Garmendiak, Ramon Agirrek eta Alvar Gordejuelak ere ongi defendatu dituzte euren paperak. Eta horri lotuta, euskalkien eta euskara-maila ezberdinen erabilera egokiak ere aipatu nahiko nituzke; izan ere, familia giroan bizkaieraz dihardute pertsonaiek, eta lan arloan (kasu honetan, komisaldegian), aldiz, euskara batuagoan hitz egiten dute. Auzi hau, hizkuntzarena, korapilatsu samarra izaten da euskaldunontzat: bikoizketa dela, euskalkien erabilera dela… Baina kasu honetan, atentziorik ematen ez duelako da aipagarria. Aranzazu Callejaren eskutik heldu den soinu banda bezalaxe; filmari ekarpen oso positiboa egin dio, tentsioa mantentzen eta ekintzak girotzen laguntzen baitu.
Txarriboda, beraz, ikuslea gozaraziko duen lana da. Estetika oso zaindua du, generoko goi mailako thrillerren adinakoa, faktura bezalaxe; Bizkaiko paisiaia zoragarriek are gehiago edertzen dute filma, eta kontaketa dinamikoa da, luzamenduetan erori gabe. Gomendagarria.