Martxoan zehar Kanariar Uharteetan errodatu ostean, Helena Taberna eta El contenido del silencio filmeko lantaldea Zarautzen da egunotan. Herriko udaletxea komisaldegi bilakatu dute filmeko lehen eszenak errodatzeko. Lucía Etxebarriaren eleberri homonimoan oinarrituta dago filma.
1.900.000 euroko aurrekontua eta ETBren laguntza ditu Helena Tabernaren proiektu berriak. Filmak sekta batean sartzen den neska gazte baten kasua du aztergai, eta oinarri duen eleberriaren interpretaziio librea egiten ari dela adierazi du zinegile nafarrak.
Orotara 119 eszena ditu, eta hasierakoak errodatzeko Zarautzeko udaletxea baliatzen ari dira egunotan. Komisaldegi gisa egokitu dute, eta Daniel Grao, Goya Toledo, Juana Acosta eta Joxean Bengoetxea, besteak beste, ikusi ahal izango ditugu bertan. Filma aurtengo Donostia Zinemaldian aurkeztea du helburu Tabernak.