ESCAC Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolan lau urteko Zinema eta Ikus-entzunezko Bitartekoak gradua ikasteko beketan izena emateko epea zabaldu dute. Hilaren 16ra arte, beka osoak galdatu ahal izango dira.
El Deseo, Warner, Moritz, SGAE, Cinesa eta eskolaren beraren patronatuak egindako ekarpenei esker, ikasleei laguntzeko funtsak nabarmen hazi dituztela iragarri dute aurtengoan ESCACeko arduradunek, eta horregatik, Zinema eta Ikus-entzunezko Bitartekoak gradua egin nahi duten lagunentzako beka osoak eskainiko dituzte.
Lau urteko gradua da, gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez eskaintzen dena. Ikasleek ikus-entzunezko ekoizpen prozesu orotan nola lan egin ikasten dute bertan, eta saioak praktikan eta talde-lanean oinarrituta daude. Gradua bi zatitan banatuta dago: lehen bi urteetan ikasle guztiak elkarrekin aritzen dira, eta bigarrenean espezializazioen arabera banatu. Ikasturte bakoitzak 9.200 euroko kostua du, eta laugarren urteak 9.700 eurokoa.
Horregatik, lehen ikasturtean inskribatu nahi duten ikasleentzako beka orokorrak eskaintzen ditu eskolak. Deialdian izena emateko epea apirilaren 16ra arte izango da zabalik. Informazio guztia, hemen.