Aste honetan genero guztietako lanak helduko zaizkigu zinemetara! Aipagarriena, Javier Rebollo eta Alvar Gordejuelak zuzendutako Txarriboda thrillerra. Patxo Telleria, Itziar Atienza, Mikel Losada, Gordejuela bera eta Aitziber Garmendia dira filmeko protagonista nagusiak, eta bere aberastasuna babestu asmoz, emaztea desagerrarazten ahaleginduko den enpresariaren eta hura harrapatu nahiko duen poliziaren nondik norakoak kontatuko ditu lanak.
7. ipotxa, ostera, etxeko txikienentzako animaziozko filma da. Boris Aljinovic eta Harald Siepermannek iaz aurkeztu zuten, eta Bobo zazpigarren ipotxaren eta haren lagunen abenturak pantailaratzen ditu. Zineuskadiren ekimenez, gainera, filma euskaraz ikusi ahal izango da Euskal Herriko hainbat aretotan.
Sevillako Zinemaldian ikusleen saria irabazi zuen Paolo Virzi italiarraren Il capitale umano familiarteko drama ere bihartik aurrera izango dugu ikusgai. Valeria Bruni Tedeschi aktoreak Tribekako Zinemaldiko emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen bertan egindako lanagatik, eta iazko Europako Zinemaren Sarietan kategoria berean proposatu zuten. Auto batek txirridunlari bat harrapatuko du, eta gertaera horrek bizitza aldatuko die Giovanni Bernaschi aberatsaren eta Dino Ossola etxe-saltzailearen familiei.
Iazko Berlinalen emakumezko aktore onenaren garaikurra jaso zuen, aldiz, Haru Kuroki aktoreak Chiisai Ouchi filmean egindako lanagatik. Yôji Yamada zinegileak II. Mundu Gerran Tokion bizi zen familia arrunt baten egunerokoari buruzko lana dakarkigu.
Japoniatik, halaber, Naomi Kawaseren Futatsume no mado maitasun-drama helduko zaigu. Canneseko Zinemaldian aurkeztu zuten iaz, Sail Ofizialean. Amami uharteko herritarrak ingurumenarekin harremanetan bizi dira, eta zuhaitz, harri eta landareetan jainkoak bizi direla uste dute. Kaitok gizon baten gorpua aurkituko du uretan, eta Kyoto lagunarekin misterioa argitzen ahaleginduko da.
https://youtu.be/z9gGu-gd4kA
More Than Honey erleen inguruko dokumentala aurkeztuko du, bestetik, Markus Imhoof zinegile beteranoak. Aiton-amona erlezainak zituen, eta horregatik, gizakien eta erleen arteko harremana islatzen duen lana aurkeztu zuen 2012an. Horrez gain, erlauntzen funtzionamendu harrigarria erakutsiko du dokumentalak.
Gracia Querejetak Maribel Verdú, Antonio de la Torre, Eduard Fernández eta Nora Navas, besteak beste, partaide dituen Felices 140 komedia beltza aurkeztuko du. 40 urte betetzen dituen astean, Eliak, hainbat lagun eta senitartekoak bilduko ditu luxuzko etxe batean. Albiste garrantzitsu bat emango die: 140 milioi euro irabazi ditu. Albiste ona, ordea, berehala bilakatuko da eztabaidagai.
Adam Wingar-en The Guest akziozko thrillerrak, bestetik, Daviden trikimailuak izango ditu aztergai. Peterson familia doluan murgilduta dago Caleb semea Afganistan hil ostean, haren laguna zela dioen David izeneko gaztea helduko den arte. Guztiak harekin maiteminduko dira, baina pixkanaka, gazteak zerbait ezkutatzen duela susmatuko dute.
Txinatik, ordea, Jean-Jacques Annaud zuzendariaren abenturazko Wolf Totem zirraragarria helduko zaigu. Pekingo Chen Zhen ikaslea Mongoliara joango da 1967an, bertako artzainekin bizitzera. Otsoarekin duten harremanarekin liluratuta, otsokume bat hartuko du bere kabuz hezteko. Baina gobernu zentraleko ofizial batek eskualdeko otso guztiak desagerrarazteko erabakia hartuko du, eta horrek tribuaren zein lurraren etorkizuna zalantzan jarriko du.
Zientzia fikziozkoak gustuko dituzuen horientzat, hona Strugatski anaien eleberrian oinarritutako Aleksey Germanen Trydno byt bogom proposamen errusiar bitxia. Zientzialari talde batek Arkanar planetara egingo duen bidaia du aztergai hamar urteko epean errodatu duten lanak; gizateria Erdi Aroan trabatuta geratu da bertan.
Helen Mirren eta Ryan Reinolds buru dituen Woman in Gold gertaera errealetan oinarritutako dramak Maria Altmann juduaren bizitza du oinarri. II. Mundu Gerran Vienara egin zuen ihes, eta 60 urte geroago, naziek konfiskatutako lurrak eta ondareak berreskuratzera itzuliko da Alemaniara.
https://youtu.be/geJeX6iIlO0
Eta David Koeppek, azkenik, Mortdecai komedia dakar. Johnny Depp aktore ezaguna Charlie Mortdecai arte-merkatariaren azalean sartuko da haren bidaiak kontatzeko. Ewan McGregor, Gwyneth Paltrow, Olivia Munn eta Hollywoodeko dozenaka izarrek hartu dute parte filmean.