Bobo zazpigarren ipotxaren eta haren lagunen abenturei buruzko 7. ipotxa film alemaniarra ostiralean estreinatuko dute gure zinema aretoetan. Hainbatetan, gainera, euskaraz izango da ikusgai Zineuskadiren ekimenez.

Boris Aljinovic eta Harald Siepermannek gidatutako 7. ipotxa filma aste honetan estreinatuko dute Euskal Herriko zinema aretoetan. Adin guztietako lagunei zuzendutako animaziozko filma da, haurrentzako aproposa. Laguntasuna eta taldearen indarra ditu aztergai. Bobo zazpigarren ipotxa eta haren lagunak Fantabularrasan bizi dira, eta bertako printzesa Rose ehun urteko loaldian erori da 18 urte bete aurretik. Zazpi ipotxek benetako maitasunezko muxua emango dion Jack sukaldaria preso dagoen gotorlekutik askatu beharko dute, ahultasunari aurre egin eta duten indarra erakutsiz.

Filma euskaraz ikusteko aukera izango da hainbat zinema aretotan, tartean, Donostiako Antiguo Berrin, Durangoko Zugaza Zineman, eta EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteari atxikitako aretoetan.