FiSahara Nazioarteko Zinemaldiaren XII. edizioa datorren apirilaren 28tik maiatzaren 3ra egingo dute Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu gunean. Orotara 30 lan eskainiko dituzte pantaila erraldoi batean, basamortuan. Zuk ere bertara joan nahi baduzu, bizkor ibili eta eman izena.
1954ko Argeliara eramango gaituen Loin des Hommes (David Oelhoffen) frantsesa, Timbuktu (Abderrahmane Sissako) Mauritania eta Frantziaren koprodukzioa, Saharako gizon batek AEBtako presidenteari idatzitako gutunean oinarritutako A message to Obama (Mohamed Mhamdi) filma, saharraren egungo bizimodua kontatzen duen Life is waiting (Iara Lee) dokumentala, errefuxiatu guneko behar bereziak dituzten haurrentzako eskolari buruzko Musawat (Darwin Dikó Cañas) dokumentala, eta beste horrenbeste film zein dokumental izango dira ikusgai hilabete amaieran Aljeria Tinduf kanpalekuan. Jaialdiaren helburu nagusia sahararrei ikus-entzunezkoak helaraztea da, baina era berean, nazioarteko eragilen arreta erakarri eta bizi duten egoera lazgarriaren berri ematea.
Haurrentzako lanak ere izango dira ikusgai, eta emanaldiez gain, azoka kulturala, tailerrak eta beste hainbat jarduera paralelo egingo dituzte; gamelu lasterketak, gaua-dunetan eta itxiera kontzertua ez dira faltako. Egitarau osoa, hemen.
Eman izena!
Giza eskubideen inguruko ikus-entzunezkoen topagune den jaialdiaren hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, eta ohi bezala, ikusle bezala joateko aukera eskaini dute. Hilaren 28an Madrildik irtengo da hegaldia, eta maiatzaren 3an itzulerako bidea egingo du. 700 eurogatik, jaialdiko jardueretan parte hartzeko eta bertako familiekin bizitzeko aukera izango dute lotura honetan izena ematen duten lagunek. Esperientzia ahaztezina bizi nahi baduzu, sartu hemen eta ikusi informazio guztia.