Kritika egilea: Jon Martin Alberdi
Izenburua: 80 egunean
Urtea: 2010
Herrialdea: Euskal Herria
Zuzendariak: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga
Lehendabizi lehengo eguna dator, gero bigarrena, hamaseigarrena, berrogeigarrena… eta azkenik 80. eguna. Eta 80 egun horietan, Axun eta Maite ezagutuko dituzu, beraiekin negar eta barre egingo duzu, Axun eta Maiterekin maiteminduko zara eta gure inguruan zenbat eta zenbat Juan Mari dauden pentsatzen jarriko zara.
80 egun pasa dira, 105 minututan. Mundu bat, edo hobe esanda, bi mundu: Baserrikoa eta hirkoa. Axunen mundua eta Maiteren mundua. Banatuak haseran, erakarriak bukaeran. Laguntasuna haseran, maitasuna bukaeran. Muga non dagoen ez baitakite ez Axun eta ez Maitek. Guk ere ez. Eta horrekin gozatu dugu. Zergatik jarri behar dizkiogu mugak sentimenduei? Zergatik izendatu behar dugu dena?
80 egun pasatzen ari direnean, pentsatzen hasi gara, ez dugula inoiz, ez euskeraz, ez gazteleraz, ez frantsezez eta ez ingelesez horrelako filmarik ikusi. Hain gurea eta hain unibertsala. Hain harrigarria eta hain erreala. Hain barregarria eta hain tristea. Hain zoroa eta hain fina.
80 egunetan, irudi politak, Pascal Gaigneren musika zoragarria, Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga eta Jose Ramón Argoitiaren antzezpen ezin hobea, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren zuzendaritza bikain eta gidoi paregabea. Euskal zinemagintzak eman duen lore ederrena.
80 egun baino gehiago pasa dira Loreak ikusi nuenetik, zuzendari hauen azken lana. Gustatu zitzaidan filma. Baina Loreak filmaz pentsatzen jartzen banaiz, berari esker 80 egunean deskubritu dudala datorkit burura. Aitortu beharra dut Loreak-i esker ikusi dudala 80 egunean. Askoz ohiartzun handiago izan duen arren Loreak-ek, 80 egunean-ek gehiago merezi zuela uste dut. Mundu mailan zabaldua izan omen zen eta sari mordoxka jasoa omen zituen nazioartean. Den-denak merezi ditu. Film borobila baita, gutxik bezala hunkituta utzi ninduena. Deskubritu beharreko altxorra.