Filmazpit_Zinea.eus

Euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko Filmazpit programak hiru izenburu berri ditu: Louise Archambault kanadarraren Gabrielle (2013), Hany Abu-Assaden Omar (2013) eta immigrazioari buruzko bost film laburreko sorta (2012-2013). Guztiek giza eskubideak dituzte ardatz.

Eusko Jaurlaritzak Zineuskadiren bidez kudeatzen duen Filmazpit programak 37 izenburu ditu jada. Katalogora sartzen azkenak giza eskubideak aztergai dituzten hiru lan izan dira: Omar, Gabrielle eta bost film laburreko sorta.

Omar filmak Palestina eta Israelen arteko gatazkan kokatutako maitasun istorioa kontatzen du. 2013ko Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen filma Hany Abu-Assad zinegileak, eta epaimahaiaren saria erdietsi zuen. Gainera, ingelesaz besteko film onenaren garaikurra eskuratu zuen urte hartan bertan.

Gabrielle kanadarrak, aldiz, Williamsen sindromea duen emakume baten bizimodua kontatzen du. Locarnoko (Toronto, Kanada) jaialdian, Gijonekoan eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zuten filma 2013an, eta Oscar Sarietan Kanada ordezteko hautatua izan zen.

Immigrazioarekin lotutako film laburren sorta, azkenik, bost lanez osatuta dago: Frantzian bizi den Kongoko emakume gazteari buruzko Aïssa ( Clément Trehin-Lalanne, 2013), Siriatik ihesi Alemaniara iritsi den Bahar neskato kurduari buruzko Bahar im Wunderland (Behrooz Karamizade, 2013), Suitzan asiloa eskatzen zuen gazte afrikar baten begietatik kontatutako Objection VI (Rolando Colla, 2012), Ukraniara, sorterrira, itzularazi nahi duten gizon bati eta haren abokatu frantsesari buruzko Rétention (Thomas Kruithof, 2013) eta paperik gabe Frantzian bizi den Suleymane andrazkoari buruzko Se taire (Tancrède Delvolvé, 2012). Immigrazioarekin lotutako giza eskubideen urraketak dituzte aztergai guztiek.