Donostiako Banda Bat elkarteak eta Errenteriako Mikelazulok antolatzen duten Lupa dokumentalen mostrak 8. edizioa izango du aurtengoa. Ostegunean, apirilak 2, abiatuko dute, eta igandera bitarte 20tik gora lan eskainiko dituzte Urgulleko Guardetxean eta Mikelazulon.

Aste Santuko oporraldia ez-fikziozko lanak doan eskaintzeko baliatu ohi dute Banda Bat eta Mikelazulok. 22 dokumental eskainiko dituzte aurtengoan, eta sortzaileak eurak arduratuko dira lanak jendaurrean aurkezteaz.

Aurten lehen aldiz Loopa: Galizia Sutan sail berezia egingo dute, gainera; erakusketa/instalazio formatua izango du, eta lau film galiziar proiektatuko dituzte etenik gabe: Xisela Francoren Vía Láctea (2013), Lois Patiñoren La imagen arde (2013), Otto Rocaren Sansa Soleil (2015), eta Carlos Álvarez-Ossorioren 8 pezas (2015) laburrak. Saiook lau egunetan egingo dituzte.

Horrez gain, Orereta Ikastolako gaztetxoentzako Lupita proiekzioa egingo dute bigarrenez. Aurtengoan María Elorza, Maider Fernández eta Aitor Gametxoren Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa eskainiko dute (goian trailerra).

Egitaraua

Apirilak 2, osteguna. Guardetxean

19:00etan

  • Germán Scelso-ren El engaño (2009)
  • Jorge Tur-en Dime quién era Sanchicorrota (2013)

Apirilak 3, ostirala. Mikelazulon

11:00etan

  • Prozesuan dauden lanak

18:00etan

  • Mikel Zatarainen The Dream Factory (2015)
  • Los Ingrávidos kolektiboaren Aquí nuestro presente parece suspendido (2014)
  • Guillermo G. Peydróren Las variaciones Guernica (2012)

20:00etan

  • Luis E. Parésen Mi ideología (2014)
  • Alexandra Garcia-Vilà, Marta González eta Marta Saletaren L’esma del Temps (2014)

Apirilak 4, larunbata. Mikelazulon

18:00etan

  • Igone Arreitunandiaren Ein Land (2014)
  • Ainhoa eta Aitor Gametxoren Soinu galduen bila (2014)
  • Askoren artean ekoitzitako Errautsak (2014)

20:00etan

  • Marcos M. Merinoren ReMine (2014)

Apirilak 5, igandea. Guardetxean

18:00etan

  • Juan Aizpitarteren Light Shots (2014)
  • Tànit Fernández eta Isaac Rodríguezen Espés (2014)
  • Joan Antunezen Out (2014)
  • Miquel Marti Freixas eta Joan Tismenetzkyren Sedated Army Crazy Mirror (2014)

20:00etan

  • Diana Montenegroren El susurro de un abedul (2015)
  • Pilar Monsellen África 815 (2014)