Iragan Canneseko Zinemaldian aurkeztu zuten Coming Home film txinatarrarekin abiatuko dute Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia datorren apirilaren 17an. Bestek beste, memoria kolektiboa eta errepresioa izango dituzte aztergai aurtengo lanek. Antolatzaileek XIII. edizioko programazioa ezagutzera eman dute.

Donostiako Udalaren Giza Eskubideen atalak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen duten Giza Eskubideen Zinemaldiaren XIII. edizioa apirilaren 17tik 24ra egingo dute Victoria Eugenia antzokian. Urtero legez, giza eskubideen urraketa salatzen duten film labur zein luzeak eskainiko dituzte, eta aurten, besteak beste, neokolonialismoa, sexu-merkataritza, memoria kolektiboa, errepresioa, immigrazioa, etxerik ez duten pertsonen egunerokoa eta gerraosteko bizimodua landuko dituzte.

Antolatzaileek programazioaren aurrerapena egin dute: Mao Zedongen Iraultza Kulturala amaitu ostean, preso politiko baten etxerako itzulera aztergai duen Coming Home (Gui Lai, 2014) filmak zabaldu du egitaraua apirilaren 17an. Ondorengo egunetan, etxerik gabekoen immigrazioari buruzko Fernand Melgar suitzarraren L’abri (2014), emakume sahararren eskubideen inguruko Diana Nava euskaldunaren Coría y el mar (2014), armeniar genozidioari buruzko Faith Akinen The Cut (2014) eta Etiopiako herritarren egunerokoa pantailaratuko duen Zeresenay Mehariren Difret (2014) eskainiko dituzte. Horiez gain, sexu merkataritza aztergai duen Kim Longinotto britainiarraren Dreamcatcher (2015), gasaren borrokari buruzko Lech Kowalskiren Drill Baby Drill (2013), gerra zibilaren ondorengo Amasa-Villabonako bizimoduari buruzko Bertha Gaztelumendiren Negar franko egingo zuen aitak (2014), hezkuntza eta elkarlanerako ikaskuntza lantzen duen Marie-Castille Mention-Schaaren Les héritiers (2014), eta neokolonialismoari buruzko Hubert Sauper-en We come as friends (2014) ere proiektatuko dituzte.

Gainera, hainbat jarduera paralelo egingo dituzte jaialdi bitartean. Horietako bat, Lourdes Imazek gidatuko duen Ez dira aspaldiko kontuak herri antzerkia. Apirilaren 19an, igandea, 16:30ean Victoria Eugenia Antzokian. Informazio gehiago, hemen.