Kritikaren egilea: Uxue Arzelus
Izenburua: Kalabaza Tripontzia
Urtea: 1985
Zuzendaria: Juan Bautista Berasategi
Herrialdea: Euskal Herria
“Sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik”. Zenbat aldiz errepikatuko genituen hitz horiek haurrak ginela. Etxean erreferentetzat genuen pelikuletako bat da. Hogei bat aldiz ikusia izango dut, gehiagotan ziur aski. Eta txikitan buruz nekizkien pelikula gehienekin gertatzen den bezela, orain berrikustean konturatu naiz orduan zenbat gauza galtzen nituen. Ulertugabeko zenbat detaile.
Ondo zahartu den pelikula bat iruditu zait Kalabaza Tripontzia. Animazio teknikari dagokionez antzematen da denbora igaro dela, noski, arraroa litzateke hala izango ez balitz. Marrazkiak era trakets batean mugitzen dira eta ezpainen mugimenduak ez dauka zerikusirik pertsonaiak esaten ari direnarekin, baina horrek ere badu bere xarma. Marrazkilari batek mugimendu horiek banan-banan sortu izanaren xarma. Narrazio eta istorio aldetik, ordea, gaur egun ekoizturiko pelikula bat izan liteke.
Euskal mitologia eta ipuinetako pertsonaiak nahasten ditu Kalabaza Tripontziak. Satelite bat dela adierazten digun gizon batek garamatza istorio batetik bestera eta aldi berean Kalabaza Tripontzia planetaren eboluzioa azaltzen digu. Berrikusketa honetan musikaren erabilerak atentzioa eman dit. Pertsonaiak eta musika eskutik doaz, haiek sentitzen dutenaren adierazle da zenbait kasutan eta muntaketaren erritmoa azpimarratzen du, lehen aipaturiko eboluzio horrekin jarraituz. Gehien harritu nauena, ordea, protagonista eta antagonisten arteko alde txikia izan da. Haurrak garenean oso erraza da pelikulako “gaiztoa” identifikatzea: beldur gehiena ematen duena izan ohi da. Eta, beraz, “gaizto” hori garaitzen duen pertsonaia “txintxoa” izango da. Pelikula honetan, aldiz, pertsonaia “txintxo” edo nagusiaren desmitifikazio bat antzeman dut. Ez Patxi errementaria, ez Kukubiltxo ez Tartalo ez dira hasiera batean diruditen bezain onak. Eta ondo dago, hala behar dute izan.
Haurra nintzela, esan bezela, ez nituen istorio guztiak ulertzen, ezta zein lotura zuten batak bestearekin ere, baina espazioan harri baten gainean eserita zegoen gizon biboteduna hitz egiten hasten zen uneoro hipnotizatuta gelditzen nintzen. Kalabaza Tripontziaren munduan murgiltzen nintzen. Ardiek belarrarekin hitz egiten zuten mundu hartan, begi bakarreko gizon baldarrei beldurra ematen zien ilea mozteak eta Kukubiltxo hain zen txikia astoaren belarrian sar baitzitekeen. Lapurrek elizako kanpaia lapurtzen zuten, Galtzagorri izeneko deabru batek 7 burudun herensuge bat zuen eta sorginek nik garai hartan eztia zela pentsatzen nuen ukendu bat ematen zuten aurpegian hegan egin ahal izateko. Zeinek ez luke halako mundu batean murgildu nahiko?
Me ha resultado muy procedente la critica de Uxue Arzelus. Personal y con un toque de frescura. Un buen trabajo
Atseguin dut