Docs Barcelona jaialdiaren ekimenez, hainbat zinegile, ekoizle, banatzaile, zinema aretoetako arduradun eta aholkulari Bartzelonako Kultur Etxe Garaikidean bilduko dira maiatzaren 26an eta 27an. Haien egitekoa, aldez aurretik aukeratutako hiru proiektu aztertu eta nazioartera merkaturatzeko bideak proposatzea izango da. Zure lana Rough Cut Screening jardunaldietan aurkeztu nahi baduzu, apirilaren 7ra arteko epea duzu izena emateko.
Filmaren muntaketa amaitzear duten lanentzako saioak dira Rough Cut Screenings izenekoak. Docs Barcelona jaialdiak antolatu ditu, eta hiru dokumental hautatuko dituzte berauetan parte hartzeko eta industriako eragileen gomendioak jarraituz, hobetu ahal izateko. Ordubeteko filmak izango diren hautagaiek editatutako 60 minutu izan behar dituzte saioetara aurkeztu ahal izateko, eta 75 minutu, film luze dokumentalen kasuan. Gainera, ingelesezko azpitituluak eduki behar dituzte, eta nazioartera merkaturatzeko erakargarriak behar dute izan.
Esku artean duzun lanak baldintza horiek betetzen baditu, mezu elektroniko bat bidali besterik ez duzu apirilaren 7a baino lehen mrogers@docsbarcelona.com helbidera. Lanaren izenburua eta berari buruzko bi orriko txostena, baita ikus daitekeen lagin bat ere atxiki beharko dituzu mezuan. Saioak Bartzelonako Kultur Etxe Garaikidean egingo dituzte maiatzaren 26an eta 27an.
Info gehiago behar izanez gero, sartu hemen.