Kritikaren egilea: Peio Lopez

Izenburua: Aupa Etxebeste!

Urtea: 2005

Herrialdea: Euskal Herria

Zuzendariak: Telmo Esnal eta Asier Altuna

Akaso aipamen honekin ez naiz oso justua izango beste film batzuekin, baina Aupa Etxebeste! euskal filmen loriazko lekuan jarriko nuke nik, seguru asko ordura arte inoiz ez bezala film bat euskaraz egin zelako: euskaraz pentsatu, euskaraz ekoiztu, euskaraz erditu… eta azkenean, gauza harrigarria: euskaraz egindako film on bat lortu (zer nahi duzue, filma euskaraz izatea ala ona izatea falazia gaindituta). Eta naturala behar lukeen prozesu hori ez da sarritan gertatu, filmaren hizkuntza euskara izanda ere, gehien-gehienetan filma egiteko bitartekoak, inguruko profesionalak eta aurreko, errodaje bitarteko eta ondoko lan-prozesuak erdara ederrean gauzatu izan direlako. Eta halako lanetan jardun duten profesional gehienak euskaldunak ez zirelako edota film bat egitea espainieraz jardutearekin lotzen zutelako.

Euskaraz sortu eta landutako lehenengo filmtzat joko nuke nik. Eta euskal mundua, euskal izateko era, euskal jendea ederki islatu zituena. Eta, gainera sekulako komedia arina, atsegina eta goxoa eginda. Ordura arte film laburretan ibilitako Altuna&Esnal bikoteak erakutsi zigun, sinetsarazi zigun bazegoela Euskal Herriko ikusleentzat film bikainak euskara hutsean egin eta arrakasta izatea. Produktu ona egiteaz gain, errentagarria izan zitekeela. Eta gure mugak gainditu eta beste hizkuntzetan bizi diren herrietan arrakasta izatea zegoela.

Istorioa benetakoa izan litekeena, zurrumurru kolektiboan existitzen dena, kontatu ziguten bi zuzendari bikainek. Gidoia ondo landutakoa, arina, bizia, bihurria eta tartea pasatu besterik nahi ez duen edonorentzat ere bikaina. Biribila, azken batean.

Aktore lanaz, zer esango dugu: aktore gutxikoa, Ramon Agirre eta Elena Irureta bikain, biak ala biak. Eta inguruan, Pako Sagartzazu bikaina, zoragarria, betiereko sekundario paregabekoa. Iñake Irastortza eta Iban Garate ere ederki… eta denak eman zituen Patxi Gonzalez ere maisu. Sorpresa, Willy Toledo eta Luis Tosar ere bertan izatea!

Bai, bide bat ireki zuten, eta sinetsi egin genien, eta hortik etorri ziren beste hainbat lan, etena izan beharko ez lukeen jario baten bidegileak izan ziren.

Eta 10 urte pasatu dira estreinatu zenetik. Ai, ama!