FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXI. edizioaren aurretik, Pre-FANT hiru eguneko jaialdia egingo dute Bilboko BBK aretoan. Besteak beste, Dario Argento zinegile italiar ospetsuaren hiru lan izango dira ikusgai, baita 2013 eta 2014ko hiru lan ere, oraindik areto komertzialetan estreinatu ez direnak. Sarrera doakoa izango da.
Maiatzaren 8tik 15era luzatuko da aurten FANT Zinemaldia. Film labur zein luzeak aurkezteko epea iragan igandean itxi zuten, baina trailer faltsuen kategorian parte hartu nahi izanez gero, apirilaren 25era arteko epea duzue.
Baina FANT jaialdiaren aurretik, Pre-FANT hiru eguneko zikloa egingo dute. Bilboko CASAITALIA Italiako Hizkuntzaren eta Kulturaren Institutu Ofizialarekin elkarlanean, Dario Argento zinegile ospetsuaren hiru lan eskainiko dituzte: L’uccello dalle piume di cristallo (1970), Il gatto a nove code (1971) eta Quatre mosche di velluto gririo (1971). Genero fantastikoan maisu zen Argento, eta Giallo generoa Italiatik kanpora eraman eta nazioartera zabaldu zuen. Hiru filmak, beraz, maiatzaren 3an, 4an eta 5ean eskainiko dituzte BBK Aretoan, 20:00etan.
Emanaldien aurretik, baina, beste hiru film izango dira ikusgai egun horietan, baina 18:00etan hasita: Predestination (The Spiering Brothers, 2014), The Last Days (Ruairi Robinson, 2013), eta Wolf Creek 2 (Greg Mclean, 2014). Hiru lanak pantaila handian ikusteko lehen aukera izango da gurean.
Horrez gain, maiatzaren 2an, FANT Pandilla izeneko 80ko hamarkadan girotutako festa egingo dute 19:00etatik aurrera BBK Aretoan, baita ere. Bitelchus (Tim Burton, 1988) eta Ghost Busters (Ivan Reitman, 1984) film klasikoak eskainiko dituzte, eta esperientzia errealagoa izan dadin, kartelak, merchandising-a eta gozokiak banatuko dizkiete ikusleei.