A Most Violent Year
Gotham, Urrezko Globo eta National Board of Review sarietarako hainbatetan proposatu zuten iaz A Most Violent Year. J.C. Chandor zinegileak Oscar Isaac eta Jessica Chastain buru dituen filmean 1981eko New Yorkera egin du jauzi. Estatistiken arabera, inoizko urte biolentoena izan zen hura. Bada, 124 minutuko dramak etorkin baten eta haren familiaren egunerokoa kontatuko digu, aurrera egiteko dituzten zailtasunak, eta indarkeriak bizimodu horretan duen eragina.
Pride
Erresuma Batutik, aldiz, drama eta komedia uztartzen dituen Pride helduko zaigu ostiralean. A Mos Violent Year filmak bezalaxe, Pridek ere 80ko hamarkadara eramango gaitu, baina Erresuma Batura, oraingoan. Gay eta lesbiana talde batek Galeseko herri txiki bateko meatzariak eta haien familiak laguntzea erabakiko du, eta haientzako dirua bilduko dute. Hala, elkarrengandik oso ezberdinak diren bi komunitateren arteko talka bistaratuko du Matthew Warchusen lanak. Iazko Urrezko Globoetan komedia edo musikal onenaren kategoriako garaikurra eskuratzeko proposatu zuten, eta Canneseko Zinemaldian Queer Palm saria jaso zuen.
Home
Etxeko txikienentzako (eta ez horren txikientzako) proposamen dibertigarria helduko zaigu, halaber, asteburuan: Tim Johnsonek zuzendutako Home. Adam Rexen The True Meaning of Smekday eleberriaren moldaketak estralurtar eta nerabe baten abenturak ditu ardatz. Lehenak bere planetatik ihes egin beharko du, eta Lurra planetan Tip gaztea ezagutuko du. Biek ala biek bat egingo dute mundua salbatzeko.
National Gallery
Londreseko National Gallery museoko 2.400 margolanetan zehar bidaia egitera gonbidatuko gaitu, ostera, Frederick Wisemanek. Bertan giza esperientzia ia guztiak daude irudikatuta. Hala, galeriaz galeria, lanean ari diren zientzialariak, ikasleak, zaharberritzaileak, erakusketa antolatzaileak… ikusiko ditu ikusleak.
Pasolini
Iazko Veneziako Sail Ofizialean aurkeztu zuen Abel Ferrarak Pasolini drama. Pier Paolo Pasolini zinegile eta idazlearen azalean sartu da Willem Dafoe. Maitatua bezain gorrotatua zen Pasolini, eta 1975eko azaroaren 2ko gauean haren gorpua hondartza batean aurkitu zuten, Ostia hiriaren kanpoko aldean. Azken orduak kalean ingaro zituen, abentura bila.
https://youtu.be/iOVDmHmisQw
The Angriest Man In Brooklyn
Iragan udan zendu zen Robin Williams, Mila Kunis, Peter Dinklage eta Melissa Leo aktoreak dira Phil Alden Robinsonen The Angriest Man In Brooklyn filmeko protagonistak. Sharon Gill doktoreak 90 minutu soilik geratzen zaizkiola esango dio kontsultara etorriko zaion gaixo astun bati, baina handik gutxira damutu egingo da, eta haren bila joango da. Gizonak, aldiz, bere bizitza osoan zehar egindako akatsak konpondu nahiko ditu.
Where I Belong
Austriatik Where I Belong maitasun drama helduko zaigu. Fritz Urschitzek gidatu du 50eko hamarkadan girotutako lana; nazien zapalkuntza garaian Austriatik ihes egin zuten aita-alabak Erresuma Batuan bizi dira orain. Rosemarie gaztea aitaren lagun Antonekin maiteminduko da ikusiko duen lehen unean, eta zailtasunak zailtasun, haien maitasunak aurrera egin dezan borrokatuko du.
The Boy Next Door
Jennifer Lopez eta Ryan Guzman buru dituen The Boy Next Door intrigazko thrillerra da. Rob Cohenek zuzendu du, eta banandu berria den emakume baten eta ezagutuko duen gazte erakargarriaren artekoak izango ditu hizpide.