Urte berriarekin batera, zinea.eus webgunera egin dugu jauzi. Puntu eus ekimena gure egin dugu bat egiten duelako gure proiektuaren izateko arrazoiak. Aukera hau aprobetxatuz, gure proiektua aurkeztu nahi dizuegu.
Orain urte pare bat abiatu genuen zinemari buruzko gure webgunea. Helburua? Zinemaz eta euskal zinemaz euskaraz jarduteko plaza eskaintzea. Informazio eguneratua ondo antolatuta eskaintzea. Guk sortua eta profesionalek bidalitako informazioa unean-unean ematea: estreinaldiak, errodajeak, programazioak…
Hala, proiektuak bi atal nagusi ditu:
– Hedabidea: gure erredakziora iristen diren berri guztian hedagailu izatea. Estreinaldiak, sariak, elkarrizketak, erreportajeak, aipamen laburrak… Era berean, guk geuk egiten ditugun eta aurrerantzean egingo ditugun elkarrizketak, analisiak, erreportajeak eta antzekoak argitaratzea. Horretarako, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa da sare sozialen inguruan jardutea eta osatzen ari garen jarraitzaile-taldeari informazio azkarra, zuzena eta eraginkorra igortzea. Hala, zinemagintzaren inguruan aritzen diren profesional guztiei beren proiektuei buruzko bidaltzea eta gaiak iradokitzea proposatzen dizuegu… azken batean, komunikazioa bide bikoa izatea, hedabide moduan funtzionalitate hori izan dezan.
– Ganbara: era askotako ekimenak egin dira zinemaz euskaraz jarduteko, bertako produkzioa biltzeko eta hainbat eratako informazioa emateko. Baina oraindik ere hutsune handia dagoela uste dugu eta, beraz, horretara dator gure proposamena: euskal film eta euskaratutako film guztiei buruzko informazio ordenatua ematea, hau da, afixak, fitxa teknikoa eta artistikoa, aipamenak… eta, batez ere, gidoiak digitalizatuta eta kritikak ere, historikoak izan ala ez, eta dena doan kontsultatzeko moduan. Horrek esfortzu handia dakarkigu, materialak bilatu, bildu, sailkatu eta digitalizatzeaz gain, alde burokratikoari begira, egileen edo jabeen eskubide-baimenak izateko. Gainera, aukera dagoenean, ikusteko estekak jarriko ditugu.
Kolaboratzaileen beharra
Sare sozialetan lanean gogor arituz eta ahalik eta informazio gehiena gure galbahetik pasatuz lortzen ari gara jarraitzaile-kopurua etengabe handitzea, bertxioak eta aipamenak ugaltzea, gure informazioa beste medioetan agertzea… Erreferentzialtasun hori eta webguneak bisita aldetik eduki duen gorakadak bide onean goazela erakusten digu.
Irabazi asmorik ez duen proiektu honek, ordea, kolaboratzaileen beharra dauka eta, alde horretatik, hasi gara jasotzen zinea.eus webgunearen bidez aipamenak, kritikak, berriak eta iritziak hedatu nahi dituzten pertsonen kolaborazioak. Baina ez dira nahikoak oraindik eta, beraz, zuei denoi zabaldu nahi dizkizuegu ateak, ataria foru egokitzat jo dezazuen zinemaren inguruan izan ditzakezuen ideiak eta iritziak kolaborazio moduan argitaratzeko. Gu arduratuko gara horiek denak sare sozialetan mugitu eta merezi duten bozgorailua izan dezaten.
Hala, zinea.eus proiektuak erabiltzaileentzako zerbitzua den neurrian izango du etorkizuna, arestian esan dugun bezala, irabazi asmorik gabeko proiektua da.
Mila esker!
Zinea.eus-eko lantaldea