Euskadiko Filmategia Fundazioak bere ikus-entzunezko artxibategiko zenbait funts ezagutarazteko plana jarri du abian, eta dagoeneko lehen materialak argitaratu dituzte. Besteak beste, Euskal Herriari buruz Filmategiak duen film zaharrena zintzilikatu dute, 1912ko Irun.
Hamarkadetan antolatuta eta hainbat bildumatan banatuta, Euskadiko Filmategiak bere ikus-entzunezko funtsaren zati bat argitaratzea erabaki du. Hilean lan berri bat kaleratuko dute, eta horiek hautatzeko lanen balio historiko, artistiko eta kulturala hartuko dituzte kontuan.
Dagoeneko bi dozena lan kontsultatzeko aukera dago, hala nola, Filmategiko lan zaharrena, 1912ko Irungo San Martzial jaietako irudiak biltzen dituen Irun; Jose Antonio Aguirre en New York, Agirre lehendakariaren New Yorkeko bizitza eta Eusko Jaurlaritzaren egitekoa azaltzen duen 1942ko lana; 25 Aniversario del Ferrocarril del Urola, Urolako trenaren 25. urteurrenaren harira 1951ko otsailaren 22an kaleratutakoa; eta 1981ean Juan Miguel Gutiérrez zinegileak Xalbador bertsolariari buruz osatu zuen filma, Xalbador Gaztain Kormutxa. Guztiak online ikusi daitezke, artxiborik deskargatu gabe.
Horrez gain, Filmategiaren bi bilduma ere eskegi dituzte: Gerra Zibilari buruzkoa bata, eta Gotzon Elortzaren bilduma, bigarrena. Lan guztiak Euskadiko Filmategiak zaharberritu ditu.