Pablo Maloren Lasa eta Zabala (2014) filmak zabaldu zuen atzo, martxoak 11, 11. Rencontres sur les docks zinemaldia Baionako Atalante zineman. Datozen lau egunetan, Jon Garaño eta Joxe Mari Goenagaren Loreak (2014) eta Roberto Castonen Los tontos y los estúpidos (2014) izango dira ikusgai, baita gazte zinegileen lanak eta Rene Vautier ekoizle bretoiaren lau film ere.
Euskal zinemari muga administratiboak gainditzen lagundu eta film eskaintza zabaltzeko, atzo hasi eta larunbatera bitarte, Rencontres sur les docks jaialdia egingo dute Baionan. Urtez urte, euskal zinemaren leihoa handitzen ari direla azpimarratu dute antolatzaileek, eta horren erakusle dira aurten eskainiko dituzten filmak, tartean, atzo jaialdia zabaldu zuen Lasa eta Zabala, gaur eskainiko duten Loreak, Los tontos y los estúpidos eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza. Hirurak Euskal Zinemaren atalean izango dira ikusgai.
Aldiz, gazte zinemagileei zuzendutako saila ere osatu dute. Thomas Salvador, Alix Delaporte, Thomas Blanchard, Thomas Scimeca, Fred Nicolas eta Helene Zimmer zinegileen lanak eskainiko dituzte bertan, eta haiekin mintzatzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek. Hirugarren adarra, ordea, Rene Vautier zinegile bretoiari eskainitakoa izango da, aurtengo urtarrilean zendu baitzen. Haren Afrique 50 (1956), Le remords (1956), Avoir vingt ans dans les Aurès (1972) eta Quand les femmes ont pris la colère (1976) eskainiko dituzte, besteak beste.