Euskaltzaleen Topaguneak Laburbira euskaraz ekoitzitako film laburren zirkuitua antolatzen du urtero; hala, iazko lan esanguratsuenak Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan aurkezten dituzte hilabeteko epean. Bada, 2015eko Laburbira martxan da jada, eta hilaren 28ra bitarte Hernani, Lazkao, Mutriku, Gasteiz eta Atarrabian, besteak beste, egingo dituzte emanaldiak.

Orotara zortzi film labur eskainiko dituzten aurtengo Laburbira saioetan: Igone Arreitunandiaren 5 minutu eta erdiko Ein Land; Kimuak katalogorako aukeratuak izan diren Koldo Almandozen Hubert le Blonen azken hegaldia (goian trailerra) eta Kote Camachoren Don Miguel animaziozko lanak, zein Asier Altunaren Zela Trovke dokumentala eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen fikzioa; iazko Euskal Zine Bileran gidoi profesional onenaren saria jaso zuen Kepa Errastiren Aitona Mantangorria; Asier Urbietaren Arconada; eta Kmovie lehiaketako bigarren saria eskuratu zuen Ixone Aroma, Aritz Lasaguren eta Asier Veraren Zaunk!.

Laburbira iragan martxoaren 4an abiatu zuten, eta dagoeneko Ordizia, Zumaia eta Azkoitian egin dituzte emanaldiak. Gaur, martxoak 11, aldiz, Arrasateko Kulturaten eta Basauriko Pozokoentxeko Kultur Etxean izango da 19:00etan, eta bihar Erandioko Emakume Elkartearen lokalean eta Biasteriko zineman, 19:00etan eta 19:30ean hurrenez hurren.

Egitarau osoa jakin nahi izanez gero, sartu hemen.