Kritikari_bila

Ba aukeratu euskal film bat, edozein garaitakoa, eta bidali zure kritika! Jasotzen ditugun kritika guztiak banan-banan argitaratuko ditugu. Puntu gehien jasotzen duenak aukera izango du urtebetez Zinea.eus atarian astero ordainpeko kritikak egiteko.

Zinemari buruzko gure albistaria biribiltzeko asmotan, hainbat berrikuntza egin ditugu azken hilabeteotan, eta hurrengo urratsetako bat zinema aretoetan ikusgai diren filmen kritikak argitaratzea izango da. Jardun horretaz arduratuko den lagun bat behar dugu, beraz, eta hautagaitzak aurkezteko deialdi irekia abiatu dugu.

Pertsona horren egitekoa astero film bat ikusi eta hari buruzko iruzkina prestatzea izango da; ordainpeko lana izango da, noski. Kritikaria hautatzeko deialdi irekia honako baldintza hauen arabera ardaztu dugu:

– Hautagaiek euskal film bat hautatu (berdin du noizkoa) eta haren inguruko kritika egin behar dute.

– Kritikak halako edukien ohiko formatua errespetatu behar du. 300 eta 400 hitz artekoa izan behar du, eta filmaren izenburua, zuzendaria, urtea eta herrialdea aipatzea ezinbestekoa izango da.

– Lana zinea.eus/kritika ataletik helarazi behar duzue martxoaren 31 baino lehen (asteartea), egilearen izen-abizenak, adina, herria, mail helbidea eta telefonoarekin batera.

– Deialdira aurkeztutako kritika guztiak Zinea.eus atarian argitaratuko dira lehendabizi eta, ondoren, Ganbara datutegian jarriko ditugu. Kritika bidaltzen duen hautagai orok onartzen du bidalitako kritika argitatzea.

– Kritikaria aukeratzeko, bi irizpide izango ditugu kontuan: Zinea.eus atarian ahal beste “Atsegin dut” jasotzea, eta hiru pertsonaz osaturiko balorazio-batzorde baten iritzia. Atal bakoitza 5 puntuko eskala batean neurtuko da*.

– Pertsona bakoitzak kritika bakarra bidali ahal izango du.

– Pertsona hautatuak urtebeteko konpromisoa hartuko du Zinea.eus atariko arduradunekin, eta deialdira aurkeztutako lanaren ezaugarri bertsuak dituen kritika osatu beharko du astero.

– Egindako kritika bakoitzagatik diru kopuru bat ordainduko zaio, ohiko kolaborazioen prezioan.

Edozein zalantza izanez gero, jarri gurekin harremanetan info@zinea.eu helbidean edota 943 504 206 telefonoan.

* Oharra: “Atsegin dut” gehien dituenak 5 puntu izango ditu, eta gutxien dituenak 0 puntu. Gainerakoek, 4 eta 1 puntu artean jasoko dituzte, lortutako boto kopuruaren araberako eskala proportzionalean. Balorazio batzordeak, era berean, 5 eta 0 puntu artean emango ditu.