Palentziako Nazioarteko Zinemaldiaren 24. edizioa iragan larunbatean itxi zuten, eta Nagore Aranburu aktore azpeitiarrari emakumezko aktore onenaren garaikurra eman zioten Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi, 2014) film laburrean egindako lanagatik.
Palentziako Nazioarteko Zinemaldian film luze zein laburrak izaten dira ikusgai urtero, baita ikasleek eginiko lanak ere, baina protagonista nagusiak laburrak izan ohi dira, horiek baitira lehiaketan parte hartzen duten bakarrak. Aurtengo edizioa otsailaren 27an zabaldu zuten iazko Kimuak katalogoko lanekin, eta segidan Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak arrakastatsua eskaini zuten Ortega zinemetan.
Ondorengo egunetan dozenaka lan eskaini zituzten, tartean, Andrey Zvyagintsev errusiarraren Leviatán hunkigarria, Xavier Dolan kanadarraren Mommy indartsua, eta Wim Mertens eta Juliano Ribeiro Salgado brasildarren The Salt of the Earth dokumental ederra.
Iragan larunbateko sari banaketa ekitaldian, halaber, Damien Chazellen Whiplash zirraragarria eskaini zuten, baina horren aurretik, lehiaketako irabazleen izenak ezagutzera eman zituzten. Bada, Nagore Aranburu aktore azpeitiarrak Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen laburrean egindako lanagatik emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen. Filmak arropa denda txiki batean lan egiten duen Ane du protagonista; egun batean bere dendako alkandora bat falta dela ohartuko da, eta lapurra nor den badakiela usteko du. Obsesioa du aztergai iazko Kimuak katalogoan dagoen eta iragan azaroan Lekeitoko Euskal Zine Bileran zuzendari eta film onenaren garaikurrak eskuratu zituen lanak.