Ander Odriozolaren Bingen (2014) lana Ituzaingóko (Argentina) FECI Zinemaldiaren nazioarteko sailean parte hartzeko hautatua izan da. Ostiral honetan, martxoak 13, eskainiko dute, eta gainera, datorren astelehenean Donostiako Trueba zinemetan izango da ikusgai, 19:30ean Kresala Zineklubean.
Sasiflimek ekoitzitako Bingen filma iazko abenduan estreinatu zuten Durangoko Azokako Irudienea gunean, eta Zornotzan, Azpeitian eta Lekeition aurkeztu ostean, hilaren 13tik 15era luzatuko den Ituzaingóko FECI Zinemaldian izango da ikusgai. Gabriel Ocina eta Miren Gaztañaga dira laneko protagonistak, eta Bingen eta Noraren azaletan sartu dira Ander Odriozolaren gidaritzapean. Bingenek Bilboko enpresa industrial batean gogor egiten du lan, baina bere bikotekide Norak ez dio kasurik egiten, arte modernoa soilik miresten baitu. Noraren arreta berreskuratzeko, margotzeko kurtsoa erosiko du kioskoan, eta hiru hilabetez buru-belarri ariko da neskalagunaren atentzioa berreskuratzeko.
Filma ostiral honetan eskainiko dute Ituzaingóko Néstor Kirchner auditorioan. Gainera, datorren astean bertan Donostian izango da ikusgai, Kresala Zineklubaren egitarauaren baitan. Astelehenean, 19:30ean, Gros auzoko Trueba aretoan.