Martin Luther King Jr. gaztearen borroka politikoaren Selma kronikak, Selma herritik, hain zuzen, Montgomeryra (Alabama, AEB) eginiko martxa pantailaratzen du. Ava DuVernayk gidatu du lana, eta Oscar sarietan, film onenaren kategoriarako proposatu bazuten ere, John Legend eta Common musikariek sortutako kantagatik saritu zuten filma azkenean, baita Urrezko Globoetan ere. Hala ere, 2014ko film onenen artean kokatua izan da.

2011n The Guard lana aurkeztu zuen John Michael McDonaghren berriena helduko zaigu bihar zinemetara: Calvary. Irlandako paisaia txundigarrietan kokatuta dago, eta Aita James Lavelle du protagonista; eliztarren arteko liskarrak konpontzen ahalegintzen da, baina egun batean, konfesatzen ari den bitartean, eliztar anonimo baten mehatxua jasoko du, hil egingo dutela esanez. Zinema Europarraren Sarietan aktore onenaren kategorian proposatua izan zen Brendan Gleeson protagonista.

Iazko Canneseko Sail Ofizialean aurkeztu zuten eta Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos atalean ikusgai izan zen Refugiado film argentinarra ere aste honetan izango dugu ikusgai. Drama gogor honek zazpi urteko Matíasen eta haren ama Lauraren errealitate gordina erakutsiko digu; Laura haurdun dago, baina senarraren hamaikagarren eraso biolentoaren ondotik, etxetik alde egitea erabakiko du Matiasekin. Kalean noraezean ibili beharko dira, babesleku bila.

Eta Kanadatik, Julianne Moori aktore onenaren Canneseko eta Sitgeseko garaikurrak eskuratzeko balio izan dion filma helduko zaigu: Maps to the Stars komedia beltza. Ospearekiko obsesioari buruzko ipuin modernoa da honakoa, David Cronenberg maisuaren film berria. Stafford Weiss terapeutaren jarduna pantailaratzen du lanak.

Pyojeok (The Target) film hego korearrak, ordea, Yeo-hoon mertzenario erretiratuaren abenturak kontatuko dizkigu. Egun batean, hilketa baten lekuko izango da, eta kriminalek bera ere erasotuko dute. Poliziarentzat hilketaren susmagarri nagusia da, baina ospitalean dagoela, hiltzaileak haren bila joango dira. Sendagile batek salbatuko du, eta handik gutxira, sendagilearen emaztea bahitu dutela jakingo dute. Hala, Yeo-hoon eta sendagileak bat egingo dute bigarrenaren andrazkoa askatzeko.

Eta thrillerrekin jarraituz, hona John Hillcoaten Lawless. Matt Bonduranten esperientzia pertsonaletan oinarrituz osatutako eleberriaren egokitzapena da. 20ko hamarkadako AEBetara eramango gaitu, 1933ra arte indarrean egon zen Lege Lehorraren harira, whisky trafikatzaile talde batek izaniko gorabeherak baititu aztergai.

Espainiatik, bi proposamen: Nacho G. Velillak gidatutako Perdiendo el norte komedia, eta Antonio Gonzaloren La luz con el tiempo dentro XIX. mendeko drama. Lehenak Alemaniara lan bila joango diren bi gazteren bizipenak kontatuko dizkigu Yon Gonzalez, Blanca Suarez eta Julián Lópezen eskutik, eta bigarrenak Juan Ramón Jiménez poesia Nobel sariaren nortasuna, harremanak eta maitasun istorioa kontatu ditu.

Horrez gain, urtarrilaren 23rako iragarrita zegoen Third Person (Paul Haggis) drama erromantikoa bihar helduko da zinemetara, baita hile bereko 30.ean estreinatu behar zen Oculus (Mike Flanagan) beldurrezko film estatubatuarra ere.

Azkenik, Manga generoko Saint Seiya: Legend of Sanctuary film japoniarra eta Jordan Rubinen Zombeavers beldurrezko komedia, gaztetxoenak gozaraziko dituena.