Izenburua: Turist

Urtea: 2014

Zuzendaria: Ruben Ostlund

Herrialdea: Suedia

Dozena bat aktore, Frantziar Alpeetako eski pistak eta luxuzko hotela, biolinen doinu indartsua (noizean behin), ongi neurtutako planoak, eta errealismo dosi handiak. Horiek Play (2011) eta Incident by a Bank (2009) bezalako lanak zuzendu dituen Ruben Ostlund suediarraren Turist film berriko osagaiak. Emaitza: oso fin haritutako proposamen ederra.

Ebba, Tomas eta seme-alaba Vera eta Harry sei egun igarotzera joango dira Frantziar Alpeetara. Bidaiaren helburua familia batzea eta elkarrekin denbora igarotzea izango da, eta kontua ongi hasiko da, bigarren egunean, eski pistetako kafetegian bazkaltzen ari direla, elur-jausi bat ikusiko duten arte. Hasieran, kontrolatuta dagoela pentsatuko dute, eta aitak beti hurbil duen mugikorrarekin argazkiak eta bideoak egingo dituzte. Baina gerturatu ahala, izutu egingo dira, eta Ebba haurrak babestera altxako da. Tomasi oihu egingo dio, laguntza eske, baina senarrak eskularruak eta mugikorra hartu eta korrika alde egin duela ohartuko da geruza zuriak harrapatzen dituen unean. Minutu gutxira, baina, zerua garbitu eta ongi daudela egiaztatuko du. Eskiatzaileak terrazara itzuliko da, eta mahaietan eserita, bazkaltzen jarraituko dute. Orduan azalduko da Tomas ere, egoerari normaltasun kutsua eman nahian. Baina gertaerak oporraldia goitik behera aldatuko du, izan ere, lagunekin afaltzen ari direla, gertaera gezurtatuko du gizonak, eta horrek bere onetik aterako du Ebba.

Filma sei kapitulutan banatuta dago, egun bakoitzeko kapitulu bat. Eta gertaeren bilakaera naturalak ezkutuan ziren alderdiak azaleratuko ditu. Ikusleak halako egoeretan egon dela sentituko du, pertsonaien jarrerekin identifikatuko da, eta egunez egun gertatuko dena jakin nahian, kontaketa irrikaz jarraituko du. Pisu handieneko pertsonaiak senar-emazteak dira, baina haurren neurtutako agerpen sendoak kontaketa aberasten du, baita arazoa konpondu nahian parte hartzen duten hoteleko garbitzaileak, alabak eta senarra etxean utzita eskiatzera joan den emakumeak eta haren lagunak, eta 20 urteko neska gazte batek eta bananduta dagoen gizon ilegorri batek osatzen duten bikoteak ere. Haien bidez, bi pertsonaia nagusietatik atera eta beste alderdi batzuk pantailaratu ditu zuzendariak, umorea baliatuz.

Gidoia eta antzezpena arrakastaren funtsezko alderdiak dira, bana beldurrik gabe segundu luzez irauten duten plano ederrek lana borobiltzeko balio izan dute. Erosotasuna eztandarazten duen gertaera bakarra da, ez dago besterik, ezta istorioa isten duen apainduraz beteriko ekintzarik ere. Ez dagoelako halakoen beharrik.