Izenburua: American Sniper

Urtea: 2014

Zuzendaria: Clint Eastwood

Herrialdea: AEB

Filmaren nondik norakoak irakurrita, astelehen arratsalde baterako tiro gehiegi direla pentsatuko luke edonork, baina Clint Eastwooden berrienak, luzea izan arren, ikuslea bereganatzen du, protagonisten bizitzako partaide dela sentiaraziz. Lana Chris Kyle AEBetako frankotiratzaile ezagunenaren autobiografian oinarrituta dago. Gaztetxotatik aitarekin joaten zen hegaztiak ehizatzera, eta berehala sekulako abilezia eskuratu zuen. 1999an, 26 urterekin, AEBtako Navy SEAL unitatean onartu zuten, eta urte hartan bertan Irakeko Ramadi eskualdera bidali, soldadu estatubatuarrak aurkariengandik babesteko.

Dena den, filmean ez dago gaizto eta onen figurarik, edo hala iruditu zait niri behintzat, eta hori asko gustatu zait, pertsonaien sentimenduak norbere bilakatzen baitira. Gerra baten errealitatea pantailaratzen du, eta halako egoera gogor batean egon arte sortzen ez diren barne gatazkak sortarazten ditu ikuslearengan. Bizitzan zehar jazotakoek norbanakoengan duten eragina agerian uzten du, neurria egoki hartuta. Are gehiago, borrokan ari diren alderdien aurkako sentimenduak sortu beharrean, gerrek galera handiak dakartzatela erakusten du, pertsonen bizitza eta identitatea ezabatzen baitituzte, eta ez dira sekula zirena izatera itzuliko. Amaierak, halaber, azaldutako guztia indartzen du.

Otsailaren 22an banatu zituzten Oscar sarietan audio efektu berezi onenen garaikurra erdietsi zuen, film onenaren kategorian proposatuta zegoen arren.