Martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Bergarako Zineklubak andrazkoak protagonista dituzten lanak eskainiko ditu martxoko asteazkenetan Zabalotegi aretoan, 20:00etan. Lehen emanaldia gaur bertan izango da: Kim Longinottoren Pink Saris filma.

Erresuma Batua eta India artean ekoitzitako filma da Pink Saris. Sampat gaztetxoa ezkontzera behartu zuten oso gaztea zenean, eta tratu txarrak jasan zituen senarraren familiarengandik. Baina ihes egitea lortu zuen, eta geroztik emakumeen eskubideen alde ari da lanean India iparraldeko Uttar Pradesh eskualdean. Bada, Kim Longinottok zuzendutako lanari esker, Sampatena bezalako beste hainbat kasu ezagutuko ditu ikusleak. Gaur, martxoak 4, 20:00etan Zabalotegi aretoan jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin.

Datorren asteazkenean, ostera, Lukas Moodyssonen Lilja 4-Ever 2012ko film suediarra eskainiko dute. Urte hartan Gijongo Zinemaldiko film eta aktore (Oksana Akinshina) onenaren garaikurrak eskuratu zituen, baita Guldbaggeko (Suedia) jaialdian ere. Amak alde egin zuenetik, 16 urteko Lilja nerabeak prostituta moduan dihardu lanean. Halako batean, Andrei erakargarria ezagutuko du, Suedian bizitza hobeago bat eskainiko dion gaztea.

Hilaren 18an, bestetik, Hannah Arendt filosofo judutar alemanaren biografia homonimoa eskainiko dute. 2012an nazioarteko hainbat jaialditan aurkeztu zuten Margarethe von Trotta zinegile alemanaren lana.

Eta zikloa isteko, azkenik, Destin Crettonen Short Term 12 lana pantailaratuko dute hilaren 25ean. Zinegilearen beraren esperientzian oinarritutako lana da. 20 urteko Grace da protagonista, nerabeen harrera etxe batean lan egiten duen gaztea. Bertan bizitakoak kontatukok dizkigu 96 minutuko filmak.