EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak salgai jarri berri duen 20 euroko Zinema Txartelaren bidez, Euskal Herrian zein Europan ekoitzitako edo euskarara ekarritako bost film ikusteko aukera izango da elkartera batutako zinema aretoetan apirilaren 30a baino lehen.
Iragan astean Euskal Herrian ekoizten den kulturaren agerikotasuna, erakargarritasuna eta kontsumoa sustatzeko helburua duen plana aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek. EiTB eta kulturako profesionalek (tartean, sortu berri den EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak), bat egin dute gurean ekoitzitako literatura, antzerkia, musika eta zinea, besteak beste, herritarren artean zabaltzeko asmoz.
Zinemaren kasuan, Zinema Txartela izeneko bonua sortu dute. 20 euro balio ditu, eta Euskal Herrian eta Europan ekoitzitako, nahiz euskarara itzulitako bost film ikusteko aukera eskaintzen du bi hilabeteko epean, alegia, apirilaren 30a arte. Berau elkartearekin bat egin duten zinema aretoetan eskuratu eta erabili daiteke (ez dugu aretoen zerrendaren berri).