DocsBarcelona jaialdiak kudeatutako Hileko Dokumentala ekimenaren baitan, Shirly Berkovitz zinegile israeldarraren The Good Son txundigarria izango da ikusgai martxoan. Bere ametsa betetzeko, senideei gezurra esan eta atzerrira bidaiatuko duen Or gaztearen esperientzia kontatzen du 52 minutuko lanak.
2013an estreinatu zutenetik, Erresuma Batuko Seret FF jaialdian, Poloniako PlaneteDoc Film Festivalean, Herbehereetako IDFAn, DocsBarcelona jaialdian eta Greziako Thessaloniki Documentary Festivalen eskaini dute Shirly Berkovitz zinegile israeldarraren lana, eta martxoan Hileko Dokumentala izango da DocsBarcelonaren eskutik. 22 urteko Or gaztea da protagonista; mutilak sekretu bat du. Beldur da senideen erantzunaz, baina Oxfordeko Unibertsitatera ikastera doala esango die, eta sorterritik urrun, bere ametsa beteko du. Nola erreakzionatuko dute itzultzen denean?
Berkovitz Tel Aviven jaio zen, eta zinea ikasi zuen bertako Beit Berl Arts College eskolan; Blocked bere lehen film laburra errodatu zuen bertan. 2009an, ostera, Baderech le’maala filma aurkeztu zuen, nazioarteko hainbat jaialditako sari garrantzitsuak eskuratu dituen lana, eta Israelgo Academy Award sarietan urteko dokumental onenaren garaikurra jasotzeko proposatua izan zen 2010ean.
Hileko dokumentala
DocsBarcelona jaialdiak kudeatutako Hileko Dokumentala egitasmoak hilero dokumental bat hautatzen du proiektuarekin bat egiten duten zinema aretoetan eskaintzeko. Merkataritza zirkuitotik at geratu ohi diren kalitatezko lanak ikusaraztea eta publiko orokorrari helaraztea du helburu, eta gurean Bilboko Multicine 7n eta Elorrioko Iturri Kultur Etxean izango da ikusgai ‘The Good Son’. Ez galdu!