80ko hamarkadako espainiar gizartearen kritika zorrotza egiten duen El futuro (Luis López Carrasco) eta iazko Kimuak katalogorako hautatu zuten Asier Altunaren Soroa lanak izango dira ikusgai gaur Bilboko Fas Zineklubean. López Carrasco bera ere emanaldian izango da 19:45ean.

Los Hijos elkarteko kide den Luis López Carraco zinegile eta idazleak El futuro lana aurkeztu zuen 2013an, Locarnoko Zinema Jaialdian. 1982ko Espainian kokatuta dago, eta dantzan eta edaten ari den lagun talde bat du protagonista; hauteskunde orokorretan PSOEren garaipena ziurra dela uste dute, urtebete lehenagoko 23-F estatu kolpe saiakera hurruneko kontua bailitzan. Filmak hamarkada hartako usadio eta ohiturei kritika zorrotza egiten die.

Bada, gaur bertan, 19:45ean Bilboko El Carmen aretoan eskainiko dute filma, eta López Carrasco bertan izango da lana aurkezten. Haren hitzetan, El futuro film politikoa da, “film guztiak direlako politikoak”. Aurretik, baina, Asier Altuna zinegileak iaz aurkeztu zuen Soroa film laburra izango da ikusgai.