Epaimahai_gaztea

Apirilaren 17tik 24ra Donostian egingo duten Giza Eskubideen XIII. Zinemaldiko nazioarteko film laburren lehiaketara 772 lan aurkeztu dituzte. Gazte epaimahaiak 20 bat lanen artean onenak hautatuko ditu jaialdian proiektatu eta 3.000 euroko sarirako hautagai izateko.

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak antolatutako Giza Eskubideen Zinemaldiak denetariko lanak jaso ditu XIII. edizioan zehar Victoria Eugenia antzokian aurkezteko. Gai, jatorri eta teknika anitzeko 772 film labur izan dira orotara (iaz 800 izan ziren) eta horien artean 20 inguru hautatuko dituzte Gazte Epaimahaiari aurkezteko.

Hain zuzen, 18 eta 30 urte arteko 150 lagun inguruk osatuko dute Gazte Epaimahaia, eta izena emateko epea zabalik izango da martxoaren 21a arte. Bi egun geroago zozketa egingo dute, eta aukeratuek 20 film horien artean azken garbiketa egin beharko dute gazteek behin-betiko lanak erabakitzeko. Beren egitekoa, zinemaldian zehar, gazte epaimahaiaren 3.000 euroko saria eskuratuko duen lana aukeratzea izango da. Animatuko zara?