GZN_2015_poster

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Caostica Ikus-entzunezkoen Promoziorako Elkarteak antolatutako Gizazinea 2015 martxoaren 4tik 14ra egingo dute Bilbon. Zinema, musika eta bestelako diziplina artistikoak bilduko ditu ekimenak, eta sarrera doakoa izango da.

Gizazinea zikloaren baitan, egungo errealitate sozial anitzak islatzen dituzten film labur, luze eta dokumentalak eskainiko dituzte datorren asteazkenetik hilaren 14ra Bilboko hainbat areto eta kultur etxetan, eta ikus-entzunezko emanaldiez gain, kontzertuak, erakusketak eta mintzaldiak ere barneratuko ditu egitarauak.

Ekimena hilaren 4an abiatuko dute iazko Zinebi jaialdian aurkeztutako nazioarteko film laburren proiekzioarekin, 19:00etan San Frantzisko auzoko Kultur Etxean. Hurrengo egunean, leku eta ordu berean, Mikel Rueda bilbotarraren A escondidas filma eskainiko dute, eta hilaren 6an, 20:00etan, Unai Aranzadik Congoko egoerari buruz osatutako Jambo Amani? dokumentala aurkeztuko du Bilborocken. Nazioarteko gatazketan espezializatutako kazetariak mintzaldia eskainiko du, gainera. Ikus-entzunezko ekitaldiez gain, programa osoa ikusteko, sartu hemen.

Bigarren txanpa, ostera, Caostica elkartearen eskutik joango da; asteazkenean hainbat film labur izango dira ikusgai 19:00etan BilbaoArten, tartean, Oscar sarietarako proposatu zuten Esteban Cresporen Aquel no era yo. Hilaren 12an, aldiz, Alberto Gilen 10 miradas filma proiektatuko dute La Bosla Kulturunean 19:00etan, eta jaialdia ixteko, hilaren 14an, larunbata, hainbat bideoklip izango dira ikusgai Eneko Yanizen DJaren eta Charles Chop Cooperren zuzeneko musikaren laguntzaz.