Captura de pantalla 2015-02-23 a las 09.40.44

Martxoaren 2tik 4ra Iruñeko Ikuspuntu jaialdiko Chez les basques zikloan aurkeztutako hainbat film izango dira ikusgai Bilboko EHUren Bizkaia aretoan Zinemagile atzerritarrak Ipar Euskal Herrian jardunaldietan. Emanaldiak 18:30ean abiatuko dira, eta ostean, Bernardo Atxaga, Amets Arzallus eta Oskar Alegriarekin solasteko beta izango da, aditu bat eguneko.

Iragan otsailaren 10etik 15era Iruñeko Baluarten zine dokumentalari buruzko Ikuspuntu jaialdia egin zuten, eta besteak beste, Orson Welles, Huber Knapp eta Otar Iosellianiren lanak ikusteko aukera izan zen Chez les basques atalean. Bertan XX. mendean Ipar Euskal Herriari buruz egindako dozena bat film eskaini zituzten, atzerritarrek zuzendutakoak denak. Bada, lan horiek Bilbon izango dira ikusgai datorren asteko astelehenetik asteazkenera jaialdiaren eta EHUren arteko elkarlanari esker.

Hilaren 2an, 18:30ean, Maurice Champreuxenaren Au Pays des Basques (1930), Herbert Briegerenaren Im Lande der Basken (1944), eta Orson Wellesen Around the world with Orson Welles, Pays Basque I (1955) eskainiko dituzte Bizkaia aretoan. Ondoren, Bernardo Atxaga idazleak hitzaldia eskainiko du, eta berarekin solasteko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Hurrengo egunean, aldiz, Huber Knappenen bi lan izango dira ikusgai: Le Curé basque de Greciette (1958) eta Croquis en Soule (1958). Segidan, Amets Arzallus bertsolariaren hitzaldia eta solasaldia.

Eta hilaren 4an, azkenik, Otar Iosellianiren Euskadi été 1982 (1982) filmaren txanda helduko da, eta ondotik Oskar Alegria zinegile eta Ikuspuntu zinemaldiko zuzendariak hitz egingo du. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.