Birdman_Oscar_2015

87. Oscar sarien galan Alejandro G. Iñárrituren Birdman izan da jaun eta jabe, film onenaren, zuzendari onenaren (Inárritu), gidoi onenaren (Iñárritu, N. Glacobone eta A. Dinelaris) eta argazki onenaren (Emmanuel Lubezki) garaikurrak eskuratu baititu. Gizonezko aktore onenaren saria Eddie Raymayne gaztearentzat izan da (The Theory of Everything) eta emakumezko aktore onenarena Julianne Moorentzat (Still Alice).

Bart gauean Los Angeles hiriko Dolby aretoan 1.500 gonbidatu bildu dira sorpresarik gabeko 87. Oscar sarien galaz gozatzeko. Neil Patrick Harris aktore ezagunak gidatu du saioa, eta beste hainbat aktore eta Hollywoodeko artistaren laguntzaz banatu ditu estatuatxoak.

Ondorengoak izan dira sari nagusiak:

G. Iñárritu mexikarraren Birdman izan da garaile nagusia: film onenaren, zuzendari onenaren (Iñárritu), gidoi onenaren (Iñárritu, Glacobone eta Dinelaris) eta argazki onenaren (Emmanuel Lubezki) sariak jaso ditu.

Wes Andersonen The Gran Budapest Hotel lanak ere lau garaikur eskuratu ditu: soinu banda onenarena (Alexandre Desplat), ekoizpen diseinu onenarena (Adam Stockhausen eta Anna Pinnock), jantzitegi onenarena (Milena Canonero) eta makillaje onenarena (Frances Hannon eta Mark Coulier).

Emakumezko aktore onena: Julianne Moore (Still Alice)

Gizonezko aktore onena: Eddie Redmayne (The Theory of Everything)

Bigarren emakumezko aktore onena: Patricia Arquette (Boyhood)

Bigarren gizonezko aktore onena: J.K. Simmons (Whiplash)

Ingelesaz besteko film onena: Ida (Pawel Pawlikowski, Polonia)

Egokitutako gidoi onena: Graham Moore (The Imitation Game)

Jatorrizko abesti onena: John Legend eta Common, Selma filmeko Glory kantagatik

Animaziozko film onena: Big Hero 6 (Don Hall, Chris Williams eta Roy Conli)

 

Baina galako une gogoangarrienak lau izan dira, aldarrikapen bilakatu diren lau sarituren esker-emate hitzaldiak, hain zuzen.

Alejandro G. Iñárritu: Film onenaren garaikurra jasotzeko eszenatokira igo da Birdman filmeko lantalde osoa, eta azken unean, zuzendariak bere herrikide mexikarrei eskaini die saria: “Mexikon bizi zaretenengatik otoitz egiten dut, merezi dugun Gobernua eskuratu dezazuen, eta herrialde honetan (AEB) zaudetenengatik ere otoitz egiten dut, etorkinez osatutako nazio handi hau eraikitzera etorri ziren horiek bezain era duinean tratatuak izan zaitezten”.

Common eta John Legend: Bi musikariek Selma filmeko Glory kanta eskaini dute zuzenean, eta ostean, abesti onenaren garaikurra jasotzera igo dira. “Gure filmak (Selma) indarrean jarraitzen du, justiziaren aldeko borroka egun gertatzen delako. Orain 50 urte (Martin Luther King eta aktibistek) borrokatutako boto eskubideak egun herrialde honetan eragiten du. Uneoten 1950ean baino gizon beltz gehiago daude AEBtako zentzategietan. Artisten egitekoa bizi dugun garaia islatzea da”.

http://youtu.be/OteoFQvQczc

Patricia Arquette: Boyhood filmean egindako lanagatik emakumezko aktore onenaren garaikurra jasotzera igo denean, andrazko eta gizonezkoen arteko berdintasuna aldarrikatu du: “Erditu eta zergak ordaintzen dituzten emakume horientzat, heldu da soldata eta eskubide berak izateko unea AEBtako emakumeentzat”.

http://youtu.be/L-EmDy3w1X8

Graham Moore: Egokitutako gidoi onenaren garaikurra eskuratu du The Imitation Game filmagatik. “16 urte nituenean nire buruaz beste egiten ahalegindu nintzen, eta orain hemen naiz. Une hau baliatu nahi dut lekuz kanpo dagoela sentitzen duen haur horrengana zuzentzeko. Jarraitu arraroa izaten. Jarraitu ezberdina izaten, eta zure unea iritsi eta nire lekura heltzen zarenean, pasa mezua”.

http://youtu.be/vGF8bzeRwcw

Haiez gain, Julianne Moore eta Eddie Redmayne aktoreek Alzheimerra eta Alboko esklerosi amiotrofikoa jasaten dituzten lagunei eskaini dizkiete euren garaikurrak, haien azaletan sartu direlako beren pertsonaiak antzezteko.