Jafar Panahi zinegile iraniarra izan da 65. Berlinaleko protagonista nagusia, 2011n eta 2013an bezalaxe. Ezin izan du Alemaniako hiriburura joan sail ofizialean aurkeztu duen Taxi lana defendatzera Irango Gobernuak ezarritako debekua tarteko, eta haren ordez, iloba Hana Saeidik jaso du Urrezko Hartza.
Aurreko edizioarekin alderatuta, Sail Ofiziala astunagoa izan dela aditzera eman dute Berlinalera joandako kazetari eta adituek. Hala ere, film bikainak ikusi ahal izan dituztela, nagusiki hegoamerikarrak. Esaterako, Pablo Larraín txiletarraren El club, Eliza Katolikoak babestutako apaiz pedófilo talde bati buruzko lana (epaimahaiaren sari nagusia) edo Patricio Guzmán txiletarraren gidoian oinarritutako El botón de nácar (gidoi onenaren saria). Baita Gabriel Ripsteinen 600 millas mexikarra ere (Opera Prima onenaren saria), Nostalgia de la luz filmarekin abiatutako diptikoa ixsten duena.
Baina guztien artetik Jafar Panahi iraniarraren Taxi nabarmendu da, film onenaren Urrezko Hartza ez ezik, FIPRESCI saria ere eskuratu baitu. Panahi, ostera, ezin izan da Berlinen izan, 2011n eta 2013an bezalaxe. Izan ere, 2009az geroztik debekatuta du herrialdetik irtetea. 2010ean 88 egun egin zituen espetxean, Irango Gobernuaren esanetan, “Estatuaren kontrako propaganda eta segurtasun nazionalaren aurka egiteagatik”, baina nazioarteko presioari esker sei urteko zigorra bete gabe irten zen. Egun debekatuta du elkarrizketak ematea eta filmak sortzea.
Debekuaren gainetik, baina, 2013an Pardé film aurkeztu zuen Berlinalen; Taxi, aurtengoan. Eta Hana Saeidi ilobak larunbatean jaso zuen Urrezko Hartza, malko artean.