Chris Fujiwara, Viva Paci, Eric Pauwels, Mads Mikkelsen eta Carlos Reviriegok osatutako epaimahairen arabera, Guillermo Moncayoren Echo Chamber proposamena izan da atzo amaitu zen 9. Iruñeko Punto de Vista zinemaldiko lanik onena. Zuzendaritza onenaren garaikurra, ostera, Diego Gutiérrez eta Danniel Dannieli eman diete, Huellas lan mexikarragatik.

Azken astean dozenaka dokumental esperimental izan dira ikusgai Iruñean. Urteroko maiztasuna eta aurrekontu oparoagoa berreskuratuta, bertako nahiz atzerriko zinegileen topagune gisa egonkortu da aurten Punto de Vista, besteak beste, larunbat arratsaldean Zinema-ekoizleen Elkarteak antolatutako mahai-inguruari esker.

Atzo, igandea, sari banaketa ekitaldia egin zuten. Dokumental honenaren 10.000 euroko saria Frantzia eta Kolonbia artean ekoitzitako Echo Chamber lanak eskuratu zuen. Guillermo Moncayoren filmak “aparteko dimentsio poetiko eta metaforikoa” duela azpimarratu zuen epaimahaiak. Zuzendaritza onenaren 5.000 euroko Jean Vigo saria, aldiz, Diego Gutiérrez eta Danniel Dannielentzat izan zen. Huellas ekoizpen mexikarra “ezezagunetik abiatzen den proposamen simplea” dela esan dute epaimahaikideek, baina “gizabanakoen eta irudiaren mugak ikertzen” dituela.

Film labur onenaren 3.000 euroko saria, aldiz, Jessica Bardsleyren The Blazing World lan estatubatuarrak eskuratu du. Kleptomania eta depresioa ditu aztergai. Aldiz, epaimahaikideek ez dute aipamen berezirik egin.

Gainerako sariak:

Ikusleen saria film onenari: Our Terrible Country (Siria eta Libano). Mohammed Ali Atassi eta Ziad Homsi. 1.500 euro

Gazteen saria film onenari: Our Terrible Country (Siria eta Libano). Mohammed Ali Atassi eta Ziad Homsi. 1.500 euro

Rencontres Cinématografiques de Cerbère-Portbou saria: Before We Go (Belgika). Jorge Leónek 300 euro eta egonaldi artistikoa eskuratu ditu bere proiektua garatzeko.