Datorren astean, otsailaren 16tik 20ra, Kimuak katalogoko eta berriki amaitu den Clermont-Ferrandeko Zinemaldiko Labo sailean aukeztutako film laburrak izango dira ikusgai Donostiako Antzoki Zaharrean Tabakalera eta Donostia Kulturaren eskutik. Emanaldiak 19:30ean izango dira, 2 euroren truke.

Datorrena film laburren astea izango da Donostian; izan ere, Tabakalerak, Donostia Kulturak eta Clermont-Ferrand Zinemaldiak antolatutako Labo 2015 + Kimuak 2014 Film Laburren Astearen zortzigarren edizioa egingo dute Antzoki Zaharrean. Orotara bost emanaldi egingo dituzte, astelehenetik ostiralera. Lehenean Kimuak 2014 katalogoko zazpi filmak izango dira ikusgai: Aitor Gutierrezen Anómalo, Lander Camareroren A serious comedy, Kote Camachoren Don Miguel, Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, Sailor’s Grave proiektu kolektiboa, Asier Altunaren Soroa, eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen.

Asteartetik aurrera, ostera, azken Clermont-Ferrand Film Laburren Zinemaldiko Labo sailean aurkeztutako lanak izango dira ikusgai. Jaialdia urtarrilaren 30etik otsailaren 7ra egin zuten, eta ohi bezala, lanak hiru ataletan banatu zituzten: hautaketa frantsesa, nazioartekoa eta Labo sail esperimentala. Azken honetan, hain zuzen, 23 herrialdetako 34 film aurkeztu zituzten, proposamen ausart eta harrigarriak denak, eta horiek eskainiko dituzte gurean.

Besteak beste, sari nagusia eskuratu zuen Susann Maria Hempel alemaniarraren Sieben Mal am Tag Beklagen wir unser Los und Nachts Stehen wir auf, um Nicht zu asteazkenean eskainiko dute, eta epaimahaiaren sari berezia, Carl-Johan Westregarden Cams suediarra, eta publikoaren saria, Richárd Hajdúren S, asteartean. Film guztiak kontsultatzeko, sartu hemen.

Emanaldiak 19:30ean izango dira Donostiako Atzoki Zaharrean; sarrerak 2 euro balioko ditu.

Zine esperimentalari buruzko lantegia

Film laburren astea antolatzeaz gain, Tabakalerak zinema esperimentalarekin lotutako hainbat ekimen ere egingo ditu otsailean. Hilaren 16tik 20ra, esaterako, Landscape Plus lantegia eskainiko du Laida Lertxundi aditu eta zinegileak goizetan. Leku guztiak beteta daude jada.

Martxoaren 3an eta 4an, azkenik, Chantal Akerman zinegile eta artista belgikarra izango dute Kaxildan. Ni, zu, Chantal izeneko saioetan izena emateko epea otsailaren 11n itxi zuten.