Aurten laugarren aldiz, Donostia Zinemaldiko kartel nagusia eta sail bakoitzarena hautatzeko online lehiaketa jarri dute martxan antolatzaileek. Proposamenak bidaltzeko epea martxoaren 2ra arte izango da zabalik, eta herritarrek gustukoenen alde bozkatzeko aukera izango dute Sarean.

Diseinatzaile orori zabaldutako lehiaketa da honakoa, eta parte hartzaile bakoitzak, gainera, nahi adina proposamen bidali ditzake. Aurtengoan, 63. edizioko Sail Ofiziala, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi, Perlak eta Culinary Zinema ataletako irudiak osatu behar dira.

Lanak bidaltzeko epea martxoaren 2an itxiko dute. Horretarako, lehiaketarako beren beregi prestatutako webgunea baliatu behar da. Bertan daude, gainera, kartelen ezaugarriak eta lehiaketaren oinarriak. Ondoren, aurkeztutako lanak bertan izango dira ikusgai, hilaren 5etik 20ra, herritarrek gustukoenen aldeko botoa eman dezaten, eta hamar finalisten artean epaimahaiak hautatuko ditu garaileak. Maiatzaren 8an ezagutaraziko dituzte.