2014an zinema jaialdiak antolatu eta filmak jaialdietara aurkezteko laguntzen bigarren deialdia kaleratu du ICAAk. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, besteak beste, 6.000 euro jaso ditu, eta Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Zinebi Jaialdiak 15.000 euro. Orotara 508.000 euro bideratu dituzte jaialdien antolaketa laguntzera.
Gaur bertan aditzera eman dute ICAAk 2014an zinema jaialdiak antolatu eta filmak jaialdietara aurkezteko ematen dituen laguntzen bigarren deialdia. Oraingoan 508.000 euro banatu dituzte 24 proiekturen artean, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak 6.000 euro eskuratu ditu eta Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Zinebi Jaialdiak 15.000 euro. Nabarmentzekoak dira Valladolideko Zinema Europarraren Seminci Asteari emaniko 200.000 euroak, Sitgeseko Festibalaren 90.000 euroak, eta Sevillako Zinema Europarraren Festibalaren 60.000 euroak.
Urtarril amaieran, aldiz, filmak jaialdietara aurkezteko laguntzak kaleratu zituzten, 31 orotara. Haien artean 294.200,80 euro banatu zituzten, eta besteak beste, Carlos Vermuten Magical Girl, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak, Alberto Rodríguezen La isla mínima eta Pablo Maloren Lasa eta Zabala filmek 14.000 euro jaso zituzten Donostia Zinemaldian aurkezteko.