Urteroko maiztasuna berreskuratu duen Punto de Vista dokumentalen nazioarteko jaialdia gaur hasiko da Iruñean. Sail ofizialaz gain, Atzera Begirakoa, Ekitaldi Bereziak eta X Films Proiektua ere izango ditu bederatzigarren edizioak. Oskar Alegria jaialdiaren arduradun artistikoak azaldu duenez, “dokumental ausart eta oldarkorrak” bilatu dituzte.
Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak antolatutako Punto de Vista Iruñeako dokumentalen jaialdia sekula baino indartsuago helduko da aurten: aurrekontu oparoagoa izateaz gain, parte-hartzea ere inoiz baino zabalagoa izan da, 1.200 lan aurkeztu baitziren sail ofizialera. Koldo Almandoz, Ozge Calafato, Alexei Dmitriev eta Guillermo G. Peydrók osatutako hautespen batzordeak, baina, 17 aukeratu zituen datozen egunetan Baluarten eskaintzeko. Jaialdiak, gainera, urteroko maiztasuna berreskuratu du (2011n bi urtean behin egitea erabaki zuten, aurrekontua tarteko).
Sail ofizialetik haratago, Atzera Begirakoak ere egingo dituzte, eta besteak beste, Orson Wellesen eta Otar Iosseliani zinegileen lanak eskainiko dituzte. Azken honek master class bat emango du hilaren 14an. Ziklo eta ekitaldi bereziak ere ez dira faltako, tartean, Bernardo Atxaga idazlearen eta Chris Wertenbaker, Orson Wellesen dokumentaletako protagonista izandakoaren, mintzaldia egin zuten atzo, astelehena.
Aurtengoan, gainera, epaimahai gazte bat izango da aurrenekoz, eta 1.500 euroko Gazte Saria banatuko du. Epaimahaiak, aldiz, aipamen bereziak barne, dozena erditik gora sari emango ditu.
X Films proiektua
Zuzendariei lan berriak egiteko aukera eman eta Nafarroaren gainerako ikuspegi poliedrikoa sortzeko helburua du X Films proiektuak. Interes artistiko berezia duten eta balio bereziak adierazten dituzten ideiadun hiru artista hautatu dituzte jaialdian beren proiektuak aurkeztu eta ekoizle nahiz banatzaileekin harremanetan jartzeko. Horregatik, proiektu berrien bila dabiltzan dokumentalistentzat ezinbesteko hitzordu bilakatu da Punto de Vista.