Karra_Elejalde_Zinea.eu

Larunbatean banatu zituzten 29. Goya sarietan Karra Elejalde aktore gasteiztarrak taldeko aktore onenaren garaikurra eskuratu zuen Emilio Martínez-Lázarok zuzendutako Ocho apellidos vascos filmean egindako lanagatik. Gainerako euskal hautagaiak, baina, esku hutsik itzuli ziren etxera.

Sorpresarik gabeko gau luzea izan zen larunbateko. Sari nagusiak Alberto Rodríguezen La isla mínima filmak eskuratu zituen, iazko Donostia Zinemaldian aurkeztutako lanak, tartean, film onenaren, zuzendari onenaren, gizonezko aktore onenaren (Javier Gutiérrez), emakumezko aktore berri onenaren (Nerea Barros) eta gidoi onenaren garaikurrak, orotara 10 jaso bazituen ere; Daniel Monzónen El niño filmarak, baina, lau jaso zituen.

Euskal hautagaiak dezente ziren, horien artean aipagarriena Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak bikaina, film onenaren kategorian. Pascal Gaigne, halaber, musika onenaren kategorian proposatuta zegoen, film berean egindako lanagatik. Baina biak ala biak esku hutsik itzuli ziren tamalez, film sarituenen mesedetan. Aldiz, Ocho apellidos vascos arrakastatsuan egindako laganatik, hiru aktore saritu zituzten, bakarra euskalduna: Karra Elejalde, taldeko gizonezko aktore onena. Bigarren Goya du honakoa, gainera, 2011n También la lluvia filmagatik garaikur berbera eskuratu baitzuen. Beste biak Carmen Machi, taldeko emakumezko aktore onena, eta Dani Rovira, gizonezko aktore berri onena, izan ziren.

Fikziozko film labur onenaren kategorian proposatuta zegoen Kepa Sojo arabarraren Loco con ballesta mundialak ere ez zuen garaikurrik jaso; Patricia Fonten Café para llevar izan zen garailea kategoria horretan. Eta animaziozko film onenaren saria Mortadelo y Filemon lanak jaso zuen, Ricardo Ramón eta Beñat Beitiaren Dixie eta matxinada zombia kategoria berean proposatuta egon arren.

Handien mailan

29. edizioak agerian utzi zuen film potoloek, Tele 5 eta Antena 3 telebista kate indartsuek babestu eta zabaldutako ekoizpenek, abantailarekin jokatzen dutela ekoizpen independente eta txikien aurrean. Eta pena da, pena handia, Loreak ez ezik, Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra eskuratu zuen Carlos Vermuten Magical Girl, edota Kataluniako Zinemaren Akademiak ematen dituen Gaudí sarietan garaile suertatu berri den Carlos Marqués-Maceten 10.000 Km beste plano batean geratu zirelako. Baina handien mailan lekutxo bat eskuratu izana ospatzekoa da, eta pixkanaka gorantz egiten jarraituko dutela badakigu. Horregatik, zorionak denei!