Bart gauean Londreseko Opera de Covent Gardenen banatu dituzten Erresuma Batuko Bafta sarietan hamabi urtez errodatutako Richard Linklaterren Boyhood hunkigarriak eskuratu ditu film eta zuzendari onenaren garaikurrak; aldiz, Stephen Hawkingen biografiaren zati bat kontatzen duen The Theory of Everything lanak film britainiar onenaren eta gizonezko aktore onenaren sariak lortu ditu.
Urteko film onenen zerrenda guztietan dagoen Boyhood lanak sariak biltzen jarraitzen du. Azkenak, bart gauean Londresen eskuratutakoak, hiru orotara: film onenarena, zuzendari onenarena (Richard Linklater) eta taldeko emakumezko aktore onenaren (Patricia Arquette) sariak. Aldiz, proposamen gehien (hamar) zituen González Iñarritu mexikarraren Birdman-ek argazki onenaren garaikurra baino ez zuen erdietsi.
Emakumezko aktore onenaren saria Julianne Moori eman zioten Still Alice draman Alzheimer gaitza duen irakasle bat interpretatzeagatik, eta gizonezko aktore onenarena Eddie Redmayne gazteak jaso zuen; Stephen Hawking astrofisikoaren azalean sartu da Anthony McCartenen The Theory of Everything filmean. Lanak, gainera, film britainiar onenaren garaikurra eskuratu du bart. Taldeko aktore onenaren saria, aldiz, J.K. Simmondsek jaso du, Damien Chazellek zuzendutako Whiplass filmean bateria irakasle tirano baten papera bikain egiteagatik.
Ingelesaz besteko film onenaren Bafata saria, ordea, Ida film poloniar laudatuak eskuratu du, larunbatean Madrien banatu ziren Goyetan bezalaxe, eta gidoi onenaren garaikurra Wes Andersonentzat izan da, The gran hotel Budapest filmagatik.