Astelehenean abiatuko dute Athletic Club Fundazioak eta Bilboko Udalaren BBK aretoak antolatutako Thinking Football Film Festivalaren hirugarren edizioa, eta datorren igandera bitarte hamar film izango dira ikusgai, futbolaren eta kluben paper sozial eta politikoa aztergai dituzten lanak.

2013an antolatu zuten aurrenekoz Thinking Football gizarte gaiak eta futbola uztartzen dituen zinema jaialdia. Aurtengoan Brasil, Frantzia, Alemania, AEB, Polonia eta Erresuma Batutik heldutako lanak izango dira ikusgai, gurean estreinatu gabeak gehienak.

Datorren astelehenean, 19:30ean, Gilles Perez eta Gilles Rofek sinatutako Les Rebelles du Foot 2 lan frantziarra eskainiko dute BBK aretoan; Les Rebelles du Foot film laudatuaren bigarren atala da, eta futbolarekin lotura estua duten bost pertsonaiaren testigantzak biltzen ditu. Asteartean, bestetik, Timian Hopf alemaniarraren Wie im falschen Film (goian trailerra ikusgai) lana izango da ikusgai 19:00etan, eta 20:00etan Democracia em Preto e Blanco brasildarra. Azken honek Corinthiar demokraziaren historia kontatzen du.

Ondorengo egunetan bina saio egingo dituzte, 18:00etan lehena eta 20:00etan bigarrena, eta sarrera doakoa izango da; filmak jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin eskainiko dituzte, gainera. Hona egitaraua:

Asteazkena 11, 17:00etan 18team eta 19:00etan Mundial. Gra o wszystko

Osteguna 12, 18:00etan Coach Zoran and his African Tigers eta 20:00etan We Must Go

Ostirala 13, 18:00etan A World Not Ours eta 20:00etan Sons of Ben

Igandea 15, 19:00etan Foot et immigration, 100 ans d’histoire commune