18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute apirilaren 17tik 24ra Donostian egingo duten Giza Eskubideen Zinemaldiko epaimahai gaztea, eta haien ardura Nazioarteko Lehiaketa atalean, film labur onenaren 3.000 euroko saria ematea izango da. Zuk ere epaimahaikide izan nahi baduzu, eman izena martxoaren 21a baino lehen.
Giza Eskubideen urraketa salatzen duten film luze nahiz laburrak biltzen ditu urtero Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin ohi duten Giza Eskubideen Zinemaldiak. XIII. edizioa apirilaren 17tik 24ra egingo dute, eta lanak aurkezteko epea iragan abenduan zabaldu bazuten ere, epaimahai gazteko kide izan nahi dutenek otsailaren 1etik martxoaren 21era arte eman ahal izango dute izena.
Horretarako, webgunean dauden oinarriak irakurtzea komeni da, eta ondoren izen-emate orria betetzea. Hautatutako lagunek lau orduko saio batera joan beharko dute lehenik, eta jaialdi bitartean arratsaldeko 19:00etan egingo dituzten emanaldietara azaldu beharko dute, noski. Hain zuzen, Nazioarteko Lehiaketako labur onenaren 3.000 euroko saria banatzea izango da haien ardura.
Gainera, azaroan egin ohi duten Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko emanaldietarako bi abonamendu eskuratuko dituzte. Animatu!