http://youtu.be/8XMQ2B-2ULA

Bilboko Gay, Lesbo eta Trans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdiaren 12. edizioa atzo itxi zuten sari nagusien irabazleak jakinarazita: Ester Martinen Nanting maste ga sönderek jaso du fikziozko luze onenaren garaikurra, eta Pilar Monsellen África 815 dokumental onenarena.

Iragan urtarrilaren 25ean abiatu zuten gay, lesbo eta trans tematikako filmak biltzen dituen Zinegoak Bilboko zinemaldia, eta orotara 50etik gora lan luze, dokumental eta labur eskaini dituzte azken zazpi egunetan. Ohorezko Sari Berezia Fernando Díez ekoizle bilbotarrari eman zioten atzo bertan, jaialdiaren itxiera ekitaldian, izan ere, Europako lehen ekoizlea izan da tematika horretako hiru film urte berean estreinatzen: Mikel Ruedaren A escondidas, Roberto Castónen Los tontos y los estúpidos, eta Marilyn Solayaren Vestido de novia, hain zuzen.

Aurten lehen aldiz, gainera, festibaleko bi sari nagusiak emakumezkoen ekoizpenek eskuratu dituzte: film onenaren garaikurra Ester Martinen Nanting maste ga sönder lanarentzat izan da, epaimahaiaren iritziz, “kontrapuntuz beteriko proposamen erradikala” delako, eta dokumental luze onenarena Pilar Monsellen África 815rentzat. Bere aldetik, Pavel Loparev eta Askold Kuroven DETI 404 lanak aipamen berezia eskuratu du.

Film esperimental onenaren saria, aldiz, Antony Hicklingen One Deep Breath lanak jaso zuen; dokumental labur onenarena Mathieu Volperen Il segreto del serpente lanak, eta aipamen bereziak Daniel Moshelen Metube: August sings Carmen Habanera eta Ntare Guma Mbaho Mwineren Kuhani lanentzat izan dira.

Eta sariekin jarraituz, fikziozko film labur onenaren garaikurra Christian Deker eta Oda Lamberchten Die Schwulenheiler-ek jaso du, eta Lesbianismo eta Genero saria Sigrid Andrea Bernardoren Ang Huling Cha-Caha Ni Anitak, oso gutxitan aztergai izan ohi den lesbianen haurtzaroa lantzeagatik. Elisa Amorousoren Fuoristrada filmak, azkenik, aipamen berezia eskuratu du.