Kataluniako Zinemaren Akademiak atzo banatu zituen VII. Gaudí sariak Bartzelonako Sant Jordi Cluben, eta irabazle nagusia Carles Marques-Marcetek zuzendutako 10.000 Km izan zen, zuzendari, gidoi, emakumezko eta gizonezko aktore, eta katalanaz besteko hizkuntzan errodatutako film onenaren sariak eskuratu baitzituen.
Kataluniako zinemaren sari nagusiak bart banatu dituzte Bartzelonan. Filmen artean sarituena Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten Daniel Monzónen El Niño izan da, ekoizpen (Edmon Rochi eta Toni Novella), taldeko gizonezko (Eduard Fernández) eta emakumezko (Bárbara Lennie) aktore, muntaia (Mapa Pastor), jatorrizko musika (Roque Baños), argazki (Carles Gusi) eta soinu (Sergio Bürmann, Oriol Tarragó eta Marc Orts) onenaren sariak eskuratu baititu. Dena den, Carles Marques-Maceten 10.000 Km izan da sari garrantzitsuenak jaso dituena, hain zuzen, katalanaz besteko hizkuntzan errodatutako film onenaren saria, zuzendari onenarena, gidoi onenarena (Marques-Macet eta Clara Roquetemtzat), gizonezko aktore onenarena (David Verdaguer) eta emakumezko aktore onenarena (Natalia Tena) erdietsi baititu.
Lluís Miñarroren Stella Cadentek, bere aldetik, jantzitegi eta zuzendaritza artistiko onenaren garaikurrak eskuratu ditu; Sebastián Alfieren Gaborek dokumental onenarena, José Luis Montesinosen El corredor lanak film labur onenarena, eta Javier Fesserren Mortadelo y Filemónek animaziozko lan onenarena. Jaume Balagueróren [REC 4] filmak, azkenik, efektu berezi onenen eta makillaje eta ile-apainketa onenaren sariak eskuratu ditu.